Hasi da txapelketen denboraldia Laudioko Igeriketa Klubeko kideentzat. Iragan asteburuan Arabako Txapelketan aritu ziren klubeko igerilari federatuak, eta hainbat marka erdietsi zituzten. Iraia Andinok eta Beñat Gutierrezek 4. eta 3. postuak lortu zituzten, hurrenez hurren, infantil kategorian. Gazteen kategoria absolutuan, aldiz, Asier Sanchez bigarren geratu zen eta Mikel Lopez hirugarren.
Asteburu honetan beste zita bat dute igerilariek: Euskal Herriko Neguko Txapelketa. Iruñeara joango dira Klubeko bost kide (Zugaitz Ortiz, Asier Sanchez, Ainhoa Ugarriza, Iraitz Duarte eta Mikel Lopez), junior-absolutu kategorian lehiatzera. Beste bi igerilari (Beñat Gutierrez eta Iraia Andino) Irunean arituko dira, infantil kategorian.
Badituzte beste erronka batzuk ere. Beñat Gutierrez, adibidez, Espainiako Txapelketan arituko da, 400 metro libretako kategorian. “Ez dut helburu zehatzik, baina saiatuko naiz marka ona lortzen”, adierazi du igerilari laudioarrak.
Arabako Txapelketan lehiatu ziren iragan asteburuan, eta honetan Euskal Herriko Txapelketan arituko dira
Denboraren aurka lehian
Iraia Andino, bere aldetik, Udako Espainiako Txapelketa du helburu, baina bertara joateko bere marka bost segundotan hobetu behar du. “2,21 minutukoa da nire marka, baina 2,16ra iritsi behar naiz”. Hori da igerilarien aurkari handiena: denbora. Ondo daki hori Iraitz Duartek. Ezingo da lehiatu Euskal Herriko Txapelketan 200 metro krol kategorian, segundo batera geratu delako. Hala ere, aukera izango du 1.500 eta 400 metro krol eta 200 metro estilo librean kategorietan aritzeko.
102 kidek osatzen dute guztira Laudioko Igeriketa Kluba. Eskolarteko kategorian aritzen dira horietako 42. Beste zazpi federatuak dira, eta arestian aipatutako norgehiagoketan aritzen dira. Lanegun guztietan dituzte entrenamenduak, eta astelehenetan saio estra bat egiten dute arratsaldez, ariketa fisikoa egiteko igerilekutik kanpo.
Goizeko seietan entrenatzen dute igerilari federatuek, arratsaldez ez dagoelako espazio nahikoa igerilekuan
Espazio gehiagoren beharra
Goizeko 05:30ean esnatu egiten dira egunero (astelehenik ostiralera) klubeko igerilari federatuak, seietan igerileku barruan egoteko. Ordu horretan entrenatu behar dute, arratsaldez ez dagoelako espaziorik igerilekuan. “Esfortzu handia egin behar da horretarako, eta zaila da jarraikortasun mantentzea”, adierazi du klubeko entrenatzailea de Iraia Escandonek.
Klubeko zuzendariek ere azpimarratu dute espazio falta dagoela. “50 pertsonako itxaron zerrenda dugu datorren denboraldirako, ezin dugu jende gehiago jaso taldean”. Klubetik azaldu dute asko eskertzen dutela udalaren prestutasuna, “baina ez da nahikoa, oso txiki geratzen zaigu espazioa”. Hori dela eta, kiroldegi berri baten beharra dagoela aldarrikatu dute.
“Unibertsitatean hasten den jendeak taldea utzi behar izaten du, ezin delako bertaratu goizeko ordutegian”, azaldu du Escandonek. Hala ere, entrenatzailea pozik dago federatuen taldeak lortuta emaitzekin: “Zazpi dira, eta zazpiek lortu du Euskal Herriko Txapelketan aritzeko txartela”.