EH Bilduk eskatu dio PSE-EEri esku hartu dezan Txaro Sarasuaren jarrera aldatzeko

Erredakzioa 2017ko mar. 3a, 12:51

EH Bilduk salatu du Txaro Sarasuaren jarrera oztopatzailea dela udalean eta adierazi du udalbatzak "bahitzen" dituela.

Atzo oharra plazaratu zuen Laudioko PSE-EE taldeak nabarmentzeko EH Bilduk aurpegiratzen diola Txaro Sarasua zinegotzi sozialistari Eusko Legebiltzarrean aritu izana. Gainera, taldeak leporatu dio koalizioari Sarasua iraintzea eta ez errespetatzea.

Bestalde, PSE-EEren oharrak gogoratu du legezkoa dela bi kargu publiko izatea, baldin eta soldata bakarra jasotzen bada. Zentzu horretan, PSE-EEk aipatu du Eva Blancok egin duela eta Ander Añibarrok ere.

EH Bilduk, ordea, uste du oharra ez dela taldearena, baizik eta Txaro Sarasuarena, bere jarrera justifikatzeko. Zentzu horretan, gaur Jon Ander Altube alkate ordeak esan du azken udal osoko bilkuraren ostean zinegotzi sozialistak oihukatu ziela EH Bilduko ordezkariei eta Amets Meaza iraindu zuela.

PSE-EE eta EH Bildu
EH Bilduko bozeramaileak aipatu du indarrean dagoen legealdian hainbat eraso jaso dituztela zinegotzi sozialistaren aldetik eta ziurtatu du PSE-EEk ez duela babesten Txaro Sarasuaren jokaera.

Udalbatzaren arazoa
EH Bilduren ustez, Txaro Sarasuaren jarrera arazoa bilakatu da udal osoko bilkuran, zentzuzko eztabaidak oztopatzen baititu.

PSE-EEri deia
Aipatutako guztiagatik EH Bilduk deia egin dio PSE-EEri Txaro Sarasuaren jarrera alda dezan: "uste dugu ez duela islatzen PSE-EEren eta Laudioko talde sozialistaren izaera".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide