“Arteartean” izeneko jaialdia egingo dute martxoaren 18n Laudioko Gaztetxean. Hainbat emakume sortzaile bilduko ditu jaialdiak, arratsaldeko seietatik aurrera.
Literatura, argazkilaritza edota graffitia bezalako disziplinak jorratuko dituzte. Poesiak ere izango du tartea, Nerea Iglesias eta El Duenderen eskutik.
Hortaz gain, bi musika jartzaile egongo dira arratsaldean: DJ Su eta DJ Mutante. Ugaoko Izare taldea ere oholtzaratuko da, musika akustikoa eta pintura uztartzen.
Kontzertuak gauean
Pintxoak eskainiko dituzte afaltzeko, eta gau partean hainbat rap kontzertu egongo dira: Aiala, Lyrikan, Eric Ten, Marta, Gatom, La Omega eta La Txula Potra igoko dira oholtzara.
Ekitaldietarako sarrerak hiru euro balioko ditu. Antolakuntza gastuetara bideratuko da lortzen den dirua.
Gaian interesa zuten norbanako batzuen artean antolatu dute ekimena. “Emakumezkoek eginiko hainbat arte mota oholtza berean biltzea izan da asmoa”, adierazi dute antolatzaileek.