Laudioko Udalak uste du Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsak herria kaltetzen duela eta Batzar Nagusietan azaldu du zergatik.
Tokiko ordezkariek uste dute egungo sistemak distortsioa sortzen duela Araban. Esaterako, ez daude ados Gasteizek zerbitzu sozialak eskaintzeagatik duen aparteko diru ekarpenarekin, beste udalerri arabarrek ere ematen baitituzte.
Laudioko ezaugarri bereziak: gune industriala
Udal gobernu taldeak azaldu du Laudio egoera berezian dagoela Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsari dagokionez. Izan ere, horren arabera, Gasteiz kenduta, Araba osoa jotzen du landa eremutzat. Baina Laudiok zein Amurriok jarduera industrial nabaria daukate. Horrek, gainera, eragina dauka Obren Foru Planean.
Administrazio batzarrik ez
Arabar herri gehienak ez bezala, Laudiok ez du Administrazio Batzarrik eta finantzazio iturri bat kentzen dio horrek.
Ur horniketa
Egungo Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsaren sistemak ur horniduraren kudeaketa zuzena bakarrik laguntzen du diruz. Laudiok Kantauriko Urkidetzaren bitartez egiten du. Ezin du ekarpenik jaso, hortaz.
Udan ere Foru Planari buruzko kritikak bidali zizkion Laudioko Udalak Arabako Foru Aldundiari. Besteak beste, hondakinen bilketa pneumatikak diru-laguntzarik ez daukala aipatu zuen Udalak.