Aurrekontuen aurreproiektuari ekarpenak egin ahalko dizkiote herritarrek

Erredakzioa 2017ko mar. 20a, 20:24

2,08 milioi euro bideratuko dira nagusien egoitza zaharra eraberritzera. Argazkia: aiaraldea.eus

22.892.158,54 euroko gastua aurreikusi du udal gobernu-taldeak, iaz baino 280.000 euro gutxiago.

2017ko udal-aurrekontuen aurreproiektua aurkeztu du Laudioko Udalak. Behin betiko aurrekontuak apirileko plenoan onartzea aurreikusi du udal-gobernuak. Gauzak hala, martxoaren 27ra arte izango dute aukera ekarpenak egiteko gainontzeko udal talde politikoek.

Udal taldeek soilik ez, herritarrek ere izango dute euren ekarpenak egiteko aukera, laudio.eus atariaren bidez edo udaletxera bertaratuta. “Aurrekontu adostu eta parte hartzaile bat egitea da asmoa”, azaldu du Amets Meaza alkateordeak, eta gaineratu du aurten “baldintza onak” ematen direla “aurrekontu on bat” egiteko.

Guztira 22.892.158,54 euroko gastua planteatu du udal gobernu taldeak, iaz baino 280.000 euro gutxiago. Kultura eta kirol elkarteentzako diru-laguntzak bere horretan mantentzea aurreikusten da, “iazko aplikatutako igoerarekin”.

4,6 milioi inbertsioetan
4.613.000 euro bideratuko dira inbertsioetara. Horietatik 380.000 euro erabiliko dira asfaltatze lanak egiteko. Ugarteko errepidea berrituko da eta 100.000 euro gehiago baliatuko dira ur edangarriaren sarea berritzeko.

Beste inbertsio hauek nabarmendu ditu Meazak: 2,08 milioi euro bideratuko dira Nagusien Etxe zaharraren eraberritzerako. 25.000 euro baliatuko dira ume eta nagusien parkeak berritzeko, 50.000 hilerriaren zenbait azpiegitura hobetzeko, 60.000 argiteria sistema batzuk aldatzeko, 297.000 Zubiko Kurajoko obrak egiteko, 150.000 euro Santa Luziako eraikina eraberritzeko, 93.000 San Juan eta Orueta bitarteko landa-bidea asfaltatzeko, 501.000 euro kirol azpiegituretan hobekuntzak egiteko, 61.000 euro hezkuntza zentroetan zenbait obra egiteko eta 510.000 euro Ugarteko plaza berritzeko  (horietatik 100.000 iazko aurrekontuetatik hartuta).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide