Kartzelako gatibutasunean, funtzionarioen jazarpenaz gaindi, euskara askabide bakarra zutela idatzi zuen aspaldi Joseba Sarrionaindiak.
Geroztik hamaika aldiz errepikatu dugu ez dugula, euskaraz aparte, bestelako territorio librerik. Hainbestetan esanda; ez ote zaigu ahotan gezur bilakatu?
Eta gezurretan sinesteko ez gaudenez, euskararen bandera zaharrak ahazturik tematu gara territorio libre berrien konkistan. Ez zebilen, ordea, oker Joseba.
Lubaki dugu euskara. Euskaraz mintzo garen uneoro, deseraikuntza eta eraikuntza lan batean gabiltza.
Inkontzienteki edo kontzienteki, hautu politikoa egiten. Hots, ekintza komunikatibo soiletik harago doa ariketa.
Euskara izan da sistema soziokultural eta ekonomikoaren bermatzaile diren estatuen erabaki politiko, juridiko eta administratiboen biktima.
Euskaraz mintzatzea da berau ukatu eta ezeztatu duen estrukturaren kontrako ekintza subertsiboenetarikoa. Euskaraz aritzea herri bat eraikitzea da.
Euskara da gure territorio libre bakarra.
Hamaika dira oraindik konkistatu beharreko Neguko Jauregiak, baina euskaraz eta euskararekin egin ezean, ez gara inoiz libre izango. Bide luzea daukagu aurretik. “Territorio” hitza ez al da erdara ba?