Ez ditugu espraiak entregatuko

Txabi Alvarado Bañares 2017ko api. 13a, 16:18

Testu hau ZuZeu atariko Zuhaitz Ordoki erabiltzaileak plazaratu du eta creative commons lizentziapean ekarri dugu hona.

Laudio. Ia 20.000 biztanlerekin Arabako bigarren herri populatuena da, baina beti esan izan da soziologikoki “Bizkaia” dela, omen. Industria gune indartsua da, eta beste txoko ugarik bezala, gure herria goitik behera eta ezker eskuin zeharkatzen duen gatazka bizi du.

Ez ditugu espraiak entregatuko

Laudioar batzuk beren bizitzak hobetzeko esparru ezberdinetan egiten duten lan; horietako bi dira Beñat Ereño (1990) eta Aitor Martinez (1988).

Abenduaren 16an Ertzaintza Martinez eta Ereñoren bila joan zen. Ereñori telefonoz deitu zioten: “Esan zidaten gurasoen etxean zeudela, eta zerbait gertatu zela. Larritu nintzen. ‘Zerbait gertatzen zaie gurasoei?’. ‘Delikatua da, hobe hona [gurasoen etxera] etortzen bazara, edo zuzenean ertzain etxera”. Martinezi etxera joan zitzaizkion bila, eta komisaldegira eraman zuten. Bakoitzari bere aldetik, “terrorismoari gorazarre” egitea egozten zietela esan zieten, azaroan margoketa batzuk agertu zirela. Ereñok hau zioen galdeketaz: “Argazki bat erakutsi zidaten. Bi pertsona ikusten ziren: atzealdetik, kaputxarekin, ilunpetan… Ez zen inor ezagutzen, eta ni baino altuagoak eta argalagoak ziren, gainera”.

Gazteek azaldu dutenez, biak ertzain etxera eramatea zen polizien xedea, auzitegietatik pasatu aurretiko deklarazio bat egiteko. Gertaerak aitortzen ez zituztela ikusita, beste batzuk salatzeko eskatu zieten ertzainek: “`Zu ez bazara, esan zein diren bi hauek’, esan zidaten. Nik ez nekien nor ziren. ‘Ba, ez baldin badakizu, esan bi izen, edo Madrilen bukatuko duzu bestela´”.

Martinez eta Ereño aurretik seinalatuta zeuden. Herri mugimenduetan arituak dira biak, eta beste auzi bat izan zuten aurretik, margoketengatik. Absolbituak izan baziren ere, Ertzaintzak hori erabili du froga moduan.

Maiatzaren 3an epaituko dituzte Ereño eta Martinez, non eta Entzutegi Nazionalean. Urtebeteko kartzela zigorra, 7 urteko erabateko gaitasun gabetzea eta 2.520 euroko isuna eskatu dizkie fiskaltzak, margoketa batzuk egitea egotzita. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide