2013an argitaratu zenuen “Standby” liburua, baina orain hasiko zara aurkezten. Zer dela eta?
2013an argitaratu nuen liburua, La Ovejita Ebooks argitaletxearekin. Juan Navidadek kudeatzen du egitasmo hori. Gaur egun New Yorken bizi da, baina Gasteizen ezagutu nuen nik, bertako lagun batzuen bidez. La Botica aldizkari literarioan kolaboratzen nuen, eta aldizkariaren bidez kontaktatu nuen berarekin. Autoedizioan oinarritutako argitaletxea da La Ovejita Ebooks. Juan Navidad diseinua egiteaz arduratzen da eta idazleak egiten ditu gero liburuaren kopiak. Mugarik Gabeko Musikariak elkartearen lehendakaria den Jesus Maria Alegriak lagundu nituen liburua finantzatzen.
Orain arte unibertsitateko ikasketetan murgildua egon naiz eta ez nekien ezta zer egin liburua aurkezteko. Lana argitaratu nuenean eskuz esku igaro zen, baina orain badut hobeto mugitzeko asmoa.
"Proiektu berri batekin nago orain. Los bolsillos de los héroes deituko da eta ezberdintasun sozialak izango ditu hizpide"
Zer nolako olerkiak topatu daitezke liburuan?
2005-2009 urteen artean idatzi nuen liburua. Zaharra da, beraz. Poesia estilo intimista eta erromantiko bat baliatzen dut, munduaz kexatzeko tarte bat utziaz betiere. Poesia iradokitzaile bat dela esango nuke batez ere. Estetikan oinarritzen naiz, erritmoa duela bermatuta betiere. Gaur egun idazten ditudan olerkiekiko ezberdina da, askoz poesia sozialagoa egiten ari bainaiz orain.
Baduzu beste liburu bat idazteko asmorik?
Bai. Gasteizen bizitzen egon nintzen garaian asko idatzi nuen, eta saiatu naiz liburu berriak plazaratzen. Proiektu berri batekin nago orain. Los bolsillos de los héroes deituko da eta ezberdintasun sozialak izango ditu hizpide.
Antzezlanak idatzi ditut baita. Duela urte batzuk nire obra bat estreinatu zen Gasteizen, “Mohamed arrantzalea”. La Milagrosa ikastetxeko haurrentzat eginiko ipuin batean oinarritua zegoen.
"Bi emanaldi eskaini nahi ditugu Laudion, Kultur Etxean bata eta Liburutegian bestea"
Errezitaldiak egiteko asmoa duzu. Non?
Patxi Urkijo zinemagilearekin hitz egin dut aurkezpenak egiteko. Bi emanaldi eskaini nahi ditugu Laudion, Kultur Etxean bata eta Liburutegian bestea. Gasteizen ere badut liburua aurkezteko asmoa, El Club de lo poetas rojos taldearen bidez.
Bilbon ere badut aurkezteko asmoa, Gonzalo Villarren laguntzarekin (La Gallina Vasca aldizkariko kolaboratzailea).
Liburua Laudioko Zuhaitza liburudendan erosi daiteke, eta Euskal Herriko Liburutegien Sarearen bidez ere eskuratu daiteke.
"Bocado Films produktoran nabil lanean. Bi proiektu ditugu eskuartean"
Zinema munduan ere aritu zara.
Hainbat filma laburretan hartu dut parte, aktore zein gidoilari gisa. Bocado Films produktoran nabil lanean. Bi proiektu ditugu eskuartean. “Instantes” da horietako bat, bi emakumek tangoarekin duten harremana kontatzen duen filma luzea. Uruguaiko telebista interesatu da proiektu horretan. Bigarrena “Guarda mi secreto” da, Pilar Lloves Masiden eleberri batean oinarritua eta Gasteizen girotua egongo dena.