Liburu batean islatuko dute Joaquin Barbara y Balza margolariaren bizitza

Txabi Alvarado Bañares 2017ko api. 21a, 14:58
Joaquin Barbara y Balzaren erretratu bat, margozten zegoela eginikoa. / Barbara familiaren bilduma

Aurten 150 urte beteko dira Joaquin Barbara y Balzaren jaiotzatik. Hiru urte behar izan ditu Egoitz Bernaola historia zaleak margolari laudioarraren bizitzari eta ibilbideari buruzko liburua osatzeko. Lan argitaragabeko ugari ezagutzeko aukera izan du Bernaolak eta horrek balio izan dio sakontzeko artistak Laudiorekin eta eskualdearekin zuen harremanean. Liburua laster plazaratzeko asmoa du idazleak.

1867ko abenduaren 18an jaio zen Joaquin Barbara y Balza margolaria Laudion, Aldaiko etxean. 150 urte igaro dira ordutik hona. Urteurren hori profitatuta margolariaren biografia argitaratu nahi du Egoitz Bernaolak.

Hiru urte baliatu ditu historia zale laudioarrak Barbara y Balzari buruzko liburua idazteko, baina duela urte gehiago hasi zen margolariaren ibilbidea ikertzen, artikulu laburra plazaratu baitzuen Aunia aldizkarian 2003an. “Artistaren familiarekin harremanetan jarri nintzen orduan, eta informazio asko eman zidaten”, azaldu du Bernaolak, “orduan bururatu zitzaidan lan sakonagoa egin zitekeela”.

Egilearen hitzetan, datu gutxi daude Barbara y Balzaren inguruan, “eta horietako asko gaizki daude, gainera. Hil ostean ahanzturan erori zen bere figura. Ikertzeko interesgarri bilakatzen zuen horrek guzti horrek”.
Liburuaren idazketa prozesua “luzea eta zaila” izan dela adierazi du Bernaolak. “Konplexua da garai horretako margolariei buruzko informazioa topatzea”.  Joaquin Barbara y Balzaren kasuan, gainera, zailtasun gehiago daude, “askotan ez zituelako bere koadroak sinatzen eta informazio gutxi dagoelako bere bizitzako etapa batzuen inguruan”.  

Artxiboak eta argitalpenak arakatuta bildu du Bernaolak informazio gehiena. Familiaren laguntza “oso handia” izan dela nabarmendu du liburuaren egileak,  “oso ondo hartu dute proiektua, ilusio handiarekin, eta hori eskertu nahi dut bereziki”.

Laudioren eragina
Madrilgo Prado Museoan daude Joaquin Barbara y Balzaren lanik ezagunenak. Baina Bernaolak aukera izan du margolariaren lanik “intimoenak” aztertzeko, familiak duen bilduman. “Erretratuengatik da Barbara y Balza ezaguna, baina familiaren bilduman arakatuta ikusi ahal izan dut askoz estilo gehiago jorratu zituela”, azaldu du Bernaolak, eta gaineratu du “Laudioren eragina” nabarmena dela artistaren lanetan, “berarentzat egiten zituen koadroetan, batez ere. Uda guztietan etortzen zen Laudiora, eta inguruko paisaiak margotzen igarotzen zituen egunak”.

Liburua idatzita dago dagoeneko eta Arabako Foru Aldundiarekin hitz egiten ari dira argitaratzeko. “Aurten plazaratzea izango litzateke idealena, 150. urteurrenarekin bat egin dezan”, jakinarazi du egileak.

“Liburu akademikoa” dela azaldu du Bernaolak, baina gaineratu du ez dutela “datu katalogo soila” eskaini nahi izan. “Artistaren alde gizatiarra islatu nahi izan dugu, bizi izan zituen garaietako testuinguruan jarrita”.

Gauzak hala, Barbara y Balzaren bizitzaren nondik norakoak gertutik ezagutzeko parada izango du irakurleak, margolaria jaio zenetik Santanderren bere buruaz beste egin zuen arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide