"Ibilbide luzea geratzen da futbolean emakumeok merezi duguna lortzeko"

Erredakzioa 2017ko mai. 4a, 13:42

Naia Vallejo./ San Inazio

NAIA VALLEJO TORRES (Laudio) futbolariak 1. Mailara igotzeko play-offak jokatuko ditu San Inazio taldearekin. Erronka horretara heltzeko ibilbidea nolakoa izan den azaldu du.

1. Mailara igotzeko play-offak jokatuko dituzu, nola biziko dituzu partida horiek?

Oraindik ez gara oso kontziente lortutakoaz. Ni nahiko urduri nabil egun hauetan, batez ere taldearen izena sare sozial, egunkari, irrati edota telebistan ikusteagatik. Ez gaude ohituta.

Gogo ikaragarriekin biziko ditut partidak, nahiz eta urduri egon. Oraino ez da zozketa izan, maiatzaren 8an izango da eta denbora gutxi izango dugu partidak prestatzeko.

Play offeko partaideak, Oviedo Moderno, Madrid CFF, Sevilla, CD Fermarguin eta S.P.A Femenino izango dira.

Zenbat partida izango dira?

Zazpi taldek parte hartuko dute; hiru taldek alde batetik eta beste lauek bestetik.

Hiru taldeak euren artean arituko dira, joan eta etorrian. Hiru horietatik garaile bat izango dugu, 1. Mailara igoko dena.

Beste lau taldeek liga txiki moduko batean lehiatuko dira joan eta etorrian. Irabaztean hurrengo fasera abiatuko dira, beste talde baten kontra jokatzeko. Irabazleak 1. Mailako beste taldea izango da. Soilik bi talde igoko dira.

Nolakoa izan da ibilbidea sailkapena lortu arte?

Taldekideen lesio larriek ez dute batere lagundu, horregatik nahiko zaila izan dugu. Bidean hainbat traba aurkitu dugun arren, burua altxatu eta aurrera jarraitu dugu.

Lehenengo egunetik taldeak konpromiso ikaragarria azaldu zuen eta gurekin batera entrenatzaileek.

Ez genuen espero halakorik egitea, baina taldearen joko bikaina ikustean ligako taulan postuak igotzen joan ginenean, play offen aukerak gertuago zeuden.

2. Mailan aritu zara, prest sumatzen duzu zure burua 1. Mailan jokatzeko?

Egia da dena posiblea dela, baina kontziente izan behar gara oso zaila izango dela 1. Mailako ligan postua lortzea, play offeko taldeak oso gogorrak direlako.

1. Mailara igotzekotan, jokalari berriak bilatu beharko genituzke taldea indartzeko. Horretarako diru-laguntza gehiago behar dugu.


"Taldeari abiadura, freskotasuna eta ausardia ematen diot futbolari dagokionez, baina nire ekarpen nagusia da umorea aldageletan"


Erdilaria zara, ezta?

Erdiko postuetan aritu naiz, baina azken denboraldietan aurreko postuetan jokatu dut.

Nahiz eta erdiko eta aurreko postuetan jokatu dezakedan, nahiago dut golaren alboan egotea, beraz, aurreko jokalaria naizela esango nuke.

Nire ustez, taldeari abiadura, freskotasuna eta ausardia ematen diot futbolari dagokionez. Dena den, aldagelaren barruan umorea da nire ekarpen nagusiena.

 

"Nire ustez, taldeari abiadura, freskotasuna eta ausardia ematen diot futbolari dagokionez"


Zein izan da zure ibilbidea futbolean?

Nire lehenengo pausuak Latiorro Ikastetxeko areto futbol taldean eman nituen, klasekideekin eta lagunekin, gehienbat. 7 urte nituen.

12 urterekin Ugaoko nesken futbol taldera abiatu nintzen eta han 6 urte bete nituen futbolaz disfrutatzen.

Aurten nire bigarren denboraldia da San Inazio taldean eta zoriontsu sentitzen naiz bertan. Hau nire lekua da.

Zergatik futbola? Txikitatik aitaren partidak bizitzen nituen kanpotik eta beti egon naiz kirol horren inguruan.

Aititek Athleticen kamiseta erosi zidan eta egunak ematen nituen kendu gabe baloiaren atzetik.

Kirolari lotuta daude zure ikasketak, ez da horrela?

Bai, ala da, beti jakin izan dut kirolaren munduari lotuta ibiliko nintzela.

Nolakoa da emakumezkoen futbolaren egoera?

Nahiko hazi den arren, ibilbide luzea geratzen da merezi duguna lortzeko, eta behar bezala gure lana baloratzeko.

Asko hobetu da, baina, esan dudan moduan, ibilbide luzea daukagu aurretik.

Gizonezko futbolarekin alderatzen badugu, mutilek bigarren mailako taldeetan ondo bizitzeko soldatak dauzkate, nire taldean eta ligako talde gehienetan ez dugu euro bakarra ikusten. Beste taldeetan bidaien gastua jasotzen dute batzuetan.

Nahiko tristea da, eta horregatik emakumeok borrokan jarraitu behar dugu zoriontsu egiten gaituen hori egiten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide