Gure (zoro)etxea: 02x08 Komunean

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon Corral 2017ko mai. 11a, 17:26

Hala Bedi irratiko Araba Hizpide saioaren iritzi-tarterako zutabea.

Ez dakit noiz gertatu zen. Memoria ahulekoa naiz, eta, gainera, gero eta gutxiago sinesten dut hasieretan. Izan ere, ia ezer ez baita hasten une zehatz batean. Nahi baduzue, energiarekin edo aberastasun kapitalistarekin bezala gertatzen da beste guztiarekin ere, ez dela sortzen, ez dela hasten, ez dela ahitzen, aldatu besterik ez dela egiten, eraldatu, handitu, txikitu, pilatu, eta ia inoiz ez banatu. Gauza gutxi hasiko dira noizbait, eta hasten den diren gauza urri horiek berehala desagertzen dira, gauza jakina baita, hasten den guztiak bukaera duela.

Esate baterako, dagoeneko ez dut akorduan noiz hasi ginen etxe honetan bizitzen Labrit, Telmo eta hirurok. Ez dakit inoiz hasierarik ere egon zen, ala beti egon garen, nola edo hala, elkarrekin bizitzen.

Bai, badakit, akaso, hausnarketa sakonegia irudituko zaizuela goizeko ordu hauetarako, are pixka bat mistikoa ere bai. Baina, aizue, komuneko tronuan eserita nagoenean, hausnarketa pisuek inbaditzen naute. Harik eta norbaitek komuneko atean kask-kask jotzen duen arte. Gaur Labrit izan da, baina ohi ez bezala, ez zen barrura sartzeko txanda eskatzen ari.

-Irakurri al duzu hau? Jauntxoek kupoaren inguruko akordio surrealista bat sinatu dute, munduko gauzarik liluragarriena dela esan dute eta guk kaka dena irentsi dugu! Nola da posible esaten duten guztia guk hain erraz sinestea?

Serio, nik ez dakit noiz hasi ginen gauza hauekin harritzen, noiz hasi ginen geure buruari halako galdera ergelak egiten. Agian, ez da gauza berria. Akaso, aspalditik geratzen gara ahoa bete hortz halako kontuekin. Igual, oraindik ez gara ohartu beti leku berera begiratzen badugu, beti gauza bera ikusiko dugula. Edo, komuneko tronuan eserita egoteak ematen duen argitasunari esker, garbiago nahi baduzue: ez dakit noiz demontre konturatuko garen, behingoz, arazoa ez dela PNV, arazoa sistema dela.

Jakina, konturatzen ez garen bitartean, hortzez beteko zaigu ahoa gauzak irensteko daukagun gaitasun eta erraztasunaren aurrean. Are gehiago: guk ere gure loria eskuratu nahirik, sistema izatera jolastuko gara, eskolan orri zuriaren gaineko arraina koloreztatzera bezala, beste kolore batez, bale, baina behin ere mugatik atera gabe, irakaslearen onespena eta klasekide guztien irribarrea eskuratzeko.  

Egia esan, nahiko nuke jakin noiz hasi zen gure despistea. Eta jakin nahiko nuke, batez ere, gure despisteak hasiera bat izan zuela ziurtatzeko, horrela, seguru izango duelako amaiera bat.

Ez naiz gauza izan Labriti ezer erantzuteko. Bonba sakatu dut eta, kaka komunzulotik behera desagertzen den bitartean, hantxe geratu da Labrit, komuneko atearen atalasean, harridura aurpegiarekin oraindik, komuneko tronu berriz hutsari begira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide