Atzo elkartu ziren udaleko eta CD Laudioko klubeko ordezkariak. Izan ere, CD Laudioko bazkide batzuek sinadura bilketa antolatu dute eskatzeko belar naturala mantentzea eta beste futbol zelai bat eraikitzea Ellakuritik gertu.
Esleipena eginda
Hala ere, udalak azaldu du aldarrikapena berandu egin dela, lanen esleipena ostiralean egin baitzen. Obrak 600.000 euro inguruko balioa izango du eta belar artifiziala jarri ez ezik, 3 aldagela gehiago ere eraikiko dituzte, bat irisgarritasun arazoak dituzten lagunentzat.
San Martingo azpiegiturak arintzea helburu
Belar aldaketaren xedea da Ellakuriko futbol zelaiari erabilera gehiago ematea. Berez, ehunka gaztek jokatzen dute Latiorroko instalazioetan eta txiki geratu dira.
Altzarratek bat egiten du udalaren asmoarekin
Altzarratek, Laudioko beste futbol klubak, adierazi du babesten duela Ellakurin egingo den aldaketa. Ordezkarien ustez, bertako azpiegitura gehiago erabili behar da. "Belar naturalak soilik ahalbidetzen du bi astean behin jokatzea zelaian, eta ez dauka zentzurik horrelako espazioa ez baliatzea", azaldu dute.