“Neska-mutil dikotomiatik ateratzen dena patologia gisa irakasten digute medikuntzako ikasleoi”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko mai. 17a, 13:00

Ezkerretik eskumara, Iñaki Gabika Unamuno, Sheila Moya Montalban eta Irene Hernandez Zubelzu. / aiaraldea.eus

Medikuntza ikasleak dira SHEILA MOYA MONTALBAN (Laudio, 1995), IÑAKI GABIKA UNAMUNO (Gernika, 1996) eta IRENE HERNANDEZ ZUBELZU (Zizurkil, 1997). Sexu aniztasunari buruzko hitzaldia eskaini zuten hilabete hasieran Laudioko Jardunaldi Antikapitalistetan, “Sexu kategoriaz harago: Gorputza eta intersexualitatea” titulupean.

Ez da hitzaldi hau eskaintzen duzuen lehen aldia. Nondik sortu zen ideia?
Irene: Leioako Herri Unibertsitaterako prestatu genuen tailerra. Hainbat ildotan banatu zen Herri Unibertsitatea.

Fakultate bakoitzetik kritika bat egin behar zien karreretako edukiei. Taldetan banatu ginen eta genituen interes eta gogoen araberako hitzaldiak prestatu genituen. Horrela sortu zen egitasmoa.

Sexu kategorizazioari kritika egiten diozue hitzaldian. Zer irakasten dizuete medikuntzako karreran gai horren inguruan? Zertan egiten diozue kritika?
Sheila: Bi sexu itxi existitzen direla irakasten digute, eta hortik ateratzen den guztia “Patologia” deritzon irakasgaiaren bidez jasotzen dugu. Intersexualitatea despatologizatzea da hitzaldiaren helburua.


“Sistema kapitalistak beharrezkoa du sexuaren araberako lan banaketa egitea, beharrezkoa du gorputz jakin batzuk lan zehatzak egitera bideratzea”



Zer da intersexualiatea?
Iñaki: Dikotomia batean oinarritzen da gure gizartea. Hortik ateratzen den aldaera da intersexualiatea. Bi estandar daudela sinestarazten digute, ezaugarri jakinak dituztenak: emakume eta gizonenak.

Hortik ateratzen dena gaixotasun gisa aurkezten digute. Baina ezer ez da berdina, mila aldaera daude. Horiek gaixotasun gisa azaltzen dira, baina ez dira gaixotasunak, inondik inora.

Baina badaude anatomikoak diren zenbait ezaugarri, biologikoak direnak, ez?
Irene: Arau heterosexualak genero itxiak sortzen ditu, eta horretarako aitzakia moduan erabiltzen du gorputzaren sexu kategoria. Biologia erabiltzen da gorputzei genero bakarra ezartzeko.

Iñaki: Egia da kromosoma batzuk ditugula, eta genitalak ere existitzen direla. Baina emakumezko sexua genitalei lotzea ez da guk aldarrikatzen duguna. Sexuak existitzen dira, noski, betiere ulertuta aldaera asko daudela eta sexu ezberdinak daudela: sexu hormonala, sexu genitala, kromosomikoa... Onartzen dugu sexuak daudela, baina dikotomia horretan erori gabe.

Gaur egungo sistemak dikotomia horren beharra duela aipatu duzue hitzaldian.
Sheila: Sistema kapitalistak beharrezkoa du sexuaren araberako lan banaketa egitea, beharrezkoa du gorputz jakinek lan zehatz batzuk egitera bideratzea: ugalketa eremura bideratuko ditu batzuk eta lan produktibora beste batzuk. Beharrezkoa da kategoria horiek sortzea zapalkuntza hori eman ahal izateko.

Irene: Batzuk euren lan indarra saltzeko beste pertsona batzuk egon behar dira zaintza lanak egiten, ordainduak izango ez diren zaintza lanak. Erregimen heterosexualak familia nuklearrak sortzen ditu, eremu publikoa eta eremu pribatuaz banatuaz eta kontsumoa bideratuaz. Kapitalismoak horren beharra du bizirauteko.


“Sexu kategoria apurtzea izan beharko litzateke helburua”



Nondik hasi beharko litzateke aipatu duzuen hori guztia deseraikitzen?
Sheila: Gizarte osoak hartu behar du sexu kategoriarekiko kontzientzia. Gakoa ez da dikotomiatik ateratzen diren gorputzak ere onartzea, gorputz aniztasuna egotea baizik.

Iñaki: Sexu kategoria apurtzea izan beharko litzateke helburua, despatologizazioa,  intersexualitatean ez ikusteko arrotz gizartean. Sistema sostengatzen duen dikotomia hori apurtu behar dugu, sexu “biologiko” hori “desbiologizatu” eta diskurtso horri guztiari legitimitatea kendu. Horrela egingo dugu aurrera zilegitasuna kentzen.

Irene: Geroz eta gehiago ematen da jakintzat generoa zerbait eraikia dela. Baina genero eraiki horrek sostengu materiala behar du: sexu kategoria. Horren gaineko kontzientzia garatzea funtsezkoa da.

Ulertu dezaket generoa eta horri lotutako rolak zerbait eraikia direla, baina gero finkatutzat ematen dut emakumea naizela alua dudalako. Horrela ez dugu gorputz aniztasun hori eraikitzea lortuko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide