"Izaera bortitza eta makarra dutenek ez dute asko irauten borroka kiroletan"

Aitor Aspuru Saez 2017ko mai. 18a, 07:00

Asier Ispizua Hakime Klubean. / aiaraldea.eus

ASIER ISPIZUA (Laudio, 1994) larunbatean lehiatuko da ringean Barakaldon egingo den borrokaldian. K-1ean arituko da, baina MMA, Jiu-Jitsu eta Graplinga ere praktikatzen ditu.

Zein izango da zure hurrengo borroka?
Larunbatean izango da Barakaldon, Lasesarreko Kiroldegian. Joya markak antolatzen du eta nik ez dut txapelketan parte hartzen, baina bai erakustaldian maila profesionalean.

Hala ere, hurrengo astean parte hartuko dut Euskadiko Txapelketan, baldin eta lesiorik ez badaukat larunbatean, jakina. Euskadiko Txapelketa amateur da eta, ondorioz, 2 minutuko 3 round egin beharko ditut.

Ekainaren erdialdean ere borroka profesionala izango dut; 3 minutuko 3 roundekoa. Hori bai, ez dakit nor izango den nire aurkaria. 3 erronketan K-1 diziplina landuko dut.

Diziplina gehiago lantzen duzu?
Bai, kick boxinga egiten hasi nintzen. K-1 bezalakoa da baina ezin dira erabili belaunak. Gero ekin nion jiu-jitsu, grapling eta MMA egiteari.
 
Graplingean bi txapelketetan aritu naiz. Bietan finalera heldu nintzen. Jiu-jitsun behin bakarrik eta finalaurrekotan bukatu nuen.
 
K-1 eta kick boxingean karateren ostikadak eta boxeoaren ukabilkadak uztartzen dira. Jiu-jitsu eta graplinga ia berdinak dira (batean kimonoa janzten da eta bestean likrazko kamiseta edo kamiseta barik), Judoarekin antza handia daukate, eraisketak erabiltzen dira eta lurrean aurkaria menperatzen saiatu behar zara gorputz-adarretan giltzak edo palankak egiten.

Zein da zuretzat izandako lorpenik handiena?
2015ean Espainiako Txapelketan bigarren postua eskuratu nuen Oviedon. Niretzat berezia izan zen neo-profesional mailan debutatu nuenean. Gasteizen egin nuen eta garaipena lortu nuen.

Noiz hasi zinen borroka kirolak egiten?
17 urte nituen, 18 betetzear nengoen. Berehala zale amorratua bilakatu nintzen. Lagun bat nuen Hajime klubean eta animatu ninduen joateko. Interneten ikusten nituen borrokak eta gogoko nuen.
 
Etorri nintzen, frogatu nuen eta geratu nintzen. Entrenatzen hasi nintzen eta 4 hilabeteren ostean borrokatu nintzen lehenengo aldiz, eta galdu nuen, baina borrokatzeko gogorik ez nuen galdu.
 
Egia esanda, denbora gehiago itxaroten dute gimnasioetan borrokalariek nozioak hobeto barneratu ditzaten, baina ni prest sentitzen nintzen.

Lehiaketetan zer da beharrezkoa?
Hasieran futbol partida batera bezala joaten nintzen borrokatzera, baina borroka gehiago izan ahala eta maila igo dudan heinean, beste modu batean prestatu behar ditut; korrika egitera atera, sparring ondo egin, prestakuntza gogortu...

Lesioak oso arruntak dira?
Normalean gimnasioan izaten dituzunak ez dira larriak; ubeldurak begian edo hanketan.

Jendeak aurreiritziak ditu kirol mota horien inguruan, kirolariek bortizkeria gogoko dutela eta horrelakoak esaten dira. Zuk zer uste duzu?
Makarra ospea daukagu borrokalariok, baina hori norberaren izaeraren araberakoa da. Norberak badaki zer bilatzen duen, dena den, izaera bortitza eta makarra dutenek ez dute asko irauten.
 
Oro har, kirol noblea gogoko dutenak mantentzen dira, eta ez kalean norbait erasotzeko ikasi nahi dutenak.

Eta zein da zure asmoa etorkizunean?
Ez dut pentsatu. Ahal dudan mailan borrokatzeko prest nago. 30 urte ingururekin uzten dio jendeak borrokatzeari. Estatu Batuetan badaude profesionalak 40 urterekin edo gehiagorekin, baina ez da ohikoa.
 
Profesionala izateak sakrifizio handia behar du. Ezin duzu astebururo parranda egin lagunekin, ezin duzu erre, dieta zaindu behar da, gorputza, oro har.
 
Ni horrela nago orain. Entrenamenduak aldatzen ditugu, gogorragoak dira, ateratzen naiz korrika egitera... Ez dugu entrenatzen edonola. Borroka da gure helburua eta aurkariaren arabera prestatzen dugu.

Jendea animatu nahi duzu borrokak ikus ditzan edo kirola praktikatu dezan?
Bai, garrantzitsua da kirola gogoko duen jendea joatea borrokaldietara, kirol gutxitua baita. Beharrezkoa dugu zaleen babesa eta animatu nahi dut gogoko dutenek praktika dezaten.
 
Hala eta guztiz ere, animatu nahi dut, bereziki, borroka kirolak kritikatzen dituztenak, daukaten irudia aldatuko baitute.

Asier Ispizuaren borrokaldi baten bideoa:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide