Alfredo Remirez urtebete espetxeratu nahi du Entzutegi Nazionalak

Erredakzioa 2017ko mai. 22a, 23:00

Alfredo Remirez. / aiaraldea.eus

Espainiako Entzutegi Nazionalak urte bateko espetxealdia ezarri nahi dio Alfredo Remirez amurrioarrari. Haren abokatuak azaldu duenez, 2009an jasotako zigorra betearazi nahi dio, 2017ko zigorra baliatuta.

Urtebeteko kartzelaratze eskaera jaso du Alfredo Remirezek. Bere abokatuaren esanetan, Madrilgo epaitegiak urtebetez sartu nahi du kartzelan.

Epaitegiko 1. Sekzioaren arabera, duela aste batzuk zigortu zuten 2012an, 2013an eta 2014an terrorismoa goratzeagatik. Argudio horiek ahalbidetu lezakete 2009ko zigorra indarrean sartzea. Izan ere, 2009an epaileek urtebetez kondenatu zuten delitu bera egotzita, Amurrioko txupinazoan preso baten irudia erakusteagatik.

Espetxealdia bertan behera geratu zen -2 urte baino gutxiagokoa zelako- eta 5 urtez utzi zuten baldintzapeko askatasunean. 2017an berriro epaitu dute sare sozialetan terrorismoa goratzeagatik. Alabaina, delituak 2012an, 2013an eta 2014an bete zirenez, Entzutegi Nazionalaren iritziz, hautsi egin dira 2009ko zigorra bertan behera uzteko baldintzak.

Helegitea

Alfredo Remirezen abokatuak 3 egun izango ditu helegitea aurkezteko. Hala ere, legegileak uste du jurisprudentzia ugari dagoela Entzutegi Nazionalaren erabakiaren aurka.

"Legearen oso interpretazio zurruna egin dute, aditu askok adierazi dute epaiarena dela aintzat hartu behar den data, eta ez delituena. Hortaz, Alfredoren kasuan 2017an izan da epaia eta 5 urteko zigor etenaldia gaindituta zegoen", adierazi dio Aiaraldea hedabideari.

Jazarpena

Egoeraren aurrean, Entzutegi Nazionalaren jokaera salatu du Remirezek, "Ez nau bakean utzi nahi". Jasaten ari den jazarpena dela-eta, iragarri du mobilizazio deialdiak egongo direla.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide