Nire herrian bada zubi bat ia inork erabiltzen ez duena. "Ergelkeriaren monumentua" esaten diote. Hortik atera kontuak. Orain, udalak erabaki du zubia behera botatzea, baina nago dagoeneko ez dagoela bertan, jada inork ez duela ikusi ere egiten, aspaldi utzi ziola zubiak zubi izateari. Cortazarren esana gogoratzea besterik ez dago: zubi bat da pertsona bat zubi bat gurutzatzen.
Nire herrian bada hizkuntza bat ia inork erabiltzen ez duena. Eta, tira, nola edo hala badirau, beste garai batean hura behera botatzeko emandako aginduen gainetik. Eta badirau, batez ere, asko gustatzen zaigulako hari begiratzea, zenbat jendek gurutzatzen duen kontatzea, iaz bik eta aurten hiruk (gutxi gorabeherako datuak dira), eta zein zaharra eta berezia den goraipatzea. Baina ez dakit dagoeneko ez ote dion utzi bertan egoteari.
Izan ere, hizkuntza bat da pertsona bat hizkuntza bat hitz egiten. Edo gertuago: euskara da euskaldun bat euskaraz hitz egiten. Ez da besterik. Euskara ez da munduari begiratzeko edo munduan egoteko modu bat. Euskaraz izan gaitezke frantses edo estatubatuar. Euskaraz hitz egin dezakegu espainolez edo ingelesez. Euskaraz izan gaitezke polizia edo kartzelazain. Eta izango gara, ulertzen ez badugu euskara ejertzitorik gabeko gramatika bat besterik ez dela. Eta munduari desberdin begiratzeko, gehiago irakurri behar dela (euskaraz), eta gutxiago hitz egin.