300 lagunen parte hartzea espero dute seigarren Hockey Egunean

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko mai. 29a, 07:00

Hockey Eguneko edizio baten irudia. / aiaraldea.eus

Ekainaren 3an izango da zita, Laudioko Gardea auzoko zelaian.

Arabako Federazioak seigarrenez egingo du Hockey eguna. Hector Borgeren esanetan, helburua da hockeyaren lagunak biltzea, kirola protagonista izanda: “Egungo jokalariak eta noizbait arituak elkartuko ditu jardunaldiak; familiak, nagusiak, beteranoak, eskola mailakoak, gurasoak...”. Aurreko edizioetako  arrakastari jarraiki, 250-300 lagunek parte hartzea espero dute. 10:00etatik 18:00etara egongo dira lagunarteko hockey partidak.

Maila guztietako kirolariek hartuko dute parte: benjaminek, kimuek, haurrek, gazteek, seniorrak...Horrez gain, umeentzako jolasak prestatuko dituzte. Herri bazkaria ere izango dute, 14:30ean. Egitarau osoa ekainaren 1ean aurkeztuko dute. Bazkarian izena emateko azken eguna maiatzaren gaur da. Horretarako, ordainketa egin beharko da lehendabizi (3035 0045 26 0450069718 ) banketxean, izen-deiturak adierazita. Dena dela, bazkariko prezioa 15 eurokoa izango da, antolatzaileek aurreratu dutenez, nahiz eta 12 urte baino gutxiago dutenek 9 € ordaindu. Bazkariaren ostean hainbat sari zozketatuko dute. Halaber, bertaratzen direnek kamiseta eskuratuko dute oroigarri gisa.

17 talde eskualdean
Egun, 17 hockey talde daude eskualdean. Urteko sasoiaren arabera modalitate batean edo bestean aritzen dira. Belar hockeyan, esaterako, 8 talde daude. Ganbegik lau talde ditu, gizonezkoenak: lehen eta bigarren mailan, kadeteen kategorian eta haurrenean ari dira jolasten. Emakumezkoen taldea ere bada, Hockey Laudio KE. Horrez gain, eskoletan ere ari dira praktikatzen: Latiorro (Benjaminak) eta Laudio KE zein  Latiorro (Aurrebenjaminak), kasu. Areto hockeyan, berriz, 9 talde daude: Ganbegi (1.maila), Hockey Laudio (1.maila), Rapid Apill (Gazte maila ), Satorrak (Emakume  gazteen maila), Ganbegi (Haur maila), Hockey Laudio KE (Kimuak), Latiorro (Benjaminak), Laudio (Aurrebenjaminak) eta Latiorro (Aurrebenjaminak).

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide