"Etsipen hutsean bizi diren lagun siriar eta palestinarrak ditut, batzuk saiatu dira Europara heltzen"

Txabi Alvarado Bañares 2017ko mai. 31a, 08:00

Aitor Bikandi Libanon. / A.B.

AITOR BIKANDI (Laudio, 1981) Libanon bizi da. Gertutik ezagutzen du Ekialde Hurbileko egoera eta bertan dauden errefuxiatuen bizipenak.

Denbora nahikotxo daramazu Libanon bizitzen. Nola amaitu zenuen bertan?
Orain dela hiru urte neukan lana utzi eta nire benetako interesak garatze aldera hasi nintzen Ekialde Hurbilean bizitzen, hasieran Palestinan eta horren ostean, bi urtez, Libanon. Orain Shatila errefuxiatu esparruan bizi naiz.
Nahiz eta ofizialki Beiruteko lurralde eremua izan, hainbat zentzutan bestelako errealitate bat osatzen dute bai Shatilak zein beste errefuxiatu esparruek. Politikoki ez da Libanoko araurik ezartzen, ISFren (Internal Security Forces, Libanoko indar armatuak) presentziarik ez dago; kulturalki ere gune desberdindua dira esparruak. Funtsean errefuxiatu palestinarrek osatzen dute, baina siriarren presentzia aski hazi da.

Ekonomikoki, begi-bistakoa da baldintzak oso bestelakoak direla, batez ere aipatutako muga politikoak direla eta. Adibide bat jartzearren, palestinarra izanda, hainbat lan izatea legez kanpokoa da. Proiektu pertsonalen garapena modu izugarrian baldintzatzen du horrek.



“Ekialde Hurbileko egoera fisika kuantikoa bezalakoa da, ulertzen duena dioenak ez du ideiarik ere”




Siria parean dago Libano. Zein da egoera une honetan zonalde horretan? Nola bizi duzu zuk?
Ekialde Hurbileko egoera fisika kuantikoa bezalakoa da, ulertzen duena dioenak ez du ideiarik ere. Etengabeko aldaketez gain, ezkutuko interes eta ekintzek ez dute errazten gertakarien bilakaera ulertzea. Ez du laguntzen ezta gatazka armatuetako alde batzuekiko adierazten dugun erromantizismoak. Haatik, ziurtasun osoz esan daiteke bai Sirian zein beste herrietan gertatzen direnak bere baitako eremuak gainditzen dituztela. Kanpoko esku-hartzeak izugarrizko eragina dauka baita, batez ere ardatz inperialista-kolonialistetatik datozenak.

 

 

Libanoko edozein txokotan ikus daiteke lau pertsonetatik bat errefuxiatu siriarra izatearen eragina, esparruetan are gehiago. Alderik txarrena, gurean ere oso antzera gertatzen den bezala, gertaera honek dakarren arrazismoaren gorakada da. Berez arrazista den libanoarren sektore batek mespretxu osoz adierazten ditu heriotzatik ihesi etorritakoei buruzko iritziak. Palestinarrekiko, irakiarrekiko eta kurduekiko hedatzen den jokabidea da hori. Konstante horrek printzipio oso errazari egiten dio men: askoz errazagoa dela norberaren azpian ikusi daitekeen horren kontra egitea, irudi osoari erreparatu eta benetako erantzuleen ardura eta erruaren inguruzko pentsamendu kritikoa garatzea baino.

 



“Errefuxiatuen egoera tamalgarria da, eta txarragora doa egunak pasa ahala”

 



Errefuxiatu ugari dago Libanon. Zein da euren egoera? Zer harreman izan ahal izan dituzu eurekin?
Errefuxiatuen egoera tamalgarria da, eta txarragora doa egunak pasa ahala. Palestinarra, siriarra, irakiarra zein kurdua izan, legalki ostrazismora kondenatuta daude berez oso nahasia den egoera politikoan. Ezer gutxi egin dezakete euren egoera hobetzeko. Horregatik askok erabakitzen dute miresten duten Europa horretara joateko bidaia hastea, ezagunak zaizkigun baldintzetan, heriotza momentu oro oso presente dagoela.

Aipatutako lan munduko mugetaz aparte, honelako egoeretan bizi direnak behartuta daude euren lan indarra edonolako baldintzetan eskaintzera. Erregulazio ekonomiko eza nagusi den herri honek giza baldintzen gabezia inposatzen die.

 

Maila ekonomiko desberdinetako siriarrak ezagutzeko parada izan dut, jantzitakoarekin Daesh-en atzaparretatik ihes egin ahal dutenak, baina baita iraultzaren hasierako momentuetan alde egin eta aberastasun maila handiagoan bizi direnak ere. Edozein pertsonak bezala, euren proiektuak garatu nahi izatea da helburu nagusia, baina hau, nola ez, baldintza sozioekonomikoek mugatzen dute.

Etsipen hutsean bizi diren lagun siriar eta palestinarrak ditut, batzuk saiatu dira Europara heltzen, beste batzuk modu prekarioan bizi dira ahal duten heinean bizitzeko nahikoa eskuratzen. Beste batzuk, “erosotasun” handiagoan bizi direnak, egoeraren aldaketaren zain bizi dira, inoiz herrira bueltatzeko itxaropenarekin. Izan ere, askok han daukate oraindik familia.

 


“Oso erraza da muturretako egoerak egun berean hiri/herri berean bizitzea, baldintzek lagunduta eta horretarako gogoa izanda, noski”


Libanon bizi izan dituzun esperientzia eta bizipen guztietatik bat aukeratu beharko bazenu zein hautatuko zenuke?
Bakarra aukeratzea oso zaila da. Oso erraza da muturretako egoerak egun berean hiri/herri berean bizitzea, baldintzek lagunduta eta horretarako gogoa izanda, noski. Azkenaldian gertatu zaidan bat aukeratzearren, Shatilan bertako lagun baten iloba/loben ahoetatik “osaba” hitza entzuteak hainbat gauzez ohartarazi ninduen, besteak beste, ez bakarrik familia honekin, baizik eta beste pertsona askorekin garatu dudan loturak daukan pisuaz. Biztanleria arabiarraren abegikortasunaz harago, gutxien daukatenekin eta egoerarik lazgarrienetan bizi direnekin harrera sakona bizi izanak sendotzen du mundua izan litekeenaren zerumugaren irudi miresgarri horretara hurbiltzeko lanean jarraitzeko asmoa, eta baita bide hori zikintzen duten oztopoekiko sentimenduak modu eraikitzailean bideratu behar izatearen beharra ere.

 


“2015eko azaroan Beirut, Paris eta Bamakon jazotako erasoen arteko aldeari erreparatuta, erantzun informatiboak argi utzi zigun zeintzuk diren ardatz informatiboak eta zeintzuk negar malkoak merezi dituzten munduko txokoak”




Zer ezberdintasun ikusten dituzu komunikabidetan islatzen den errealitatearen eta bertako errealitatearen artean?
Handia da aldea bai kontatzen dena transmititzeko moduan, zein mendebaldean oihartzunik ez daukanari garrantzia kentzen zaionean ere. 2015eko azaroan Beirut, Paris eta Bamakon jazotako erasoen arteko aldeari erreparatuta, erantzun informatiboak argi utzi zigun zeintzuk diren ardatz informatiboak eta zeintzuk negar malkoak merezi dituzten munduko txokoak. Era berean, Parisen terroristen atentatu zitalak direnak, Ekialde Hurbilean eraso estrategikoak dira, baldin eta erabilitako bitartekoak milioi dolarretan zenbatu ahal badira eta erasotzailea komunikabideen interesekin lerrokatuta badaude.

Herritarroi dagokigu honetaz jabetu eta kritikatik, erasoaren jatorria dena delarik, informazioaren trataera salatzea, edota aukeraketa aktiboaren bitartez, komunikabide korporazioei beharrezko ahalegin morala betearaztea. Oso erraza daukagu ikusteko nora eramango gaituen enpatiarik gabeko munduak, legerik gabeko konpetentziak eta menperatzearen kulturak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide