Aretako Jai Batzordeak aurreratu duenez, Traila antolatuko dute aurten lehendabiziko aldiz. Izan ere, berriki sortu dute Areta Trail taldea.
Lehendabiziko xehetasunak zabaldu dituzte dagoeneko. Ekimenari dagokionez, 12 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute lasterkariek, eta 750 metroko desnibel positiboa izango du probak.
Aretako Kultur Etxetik aterako da lasterketa, eta toki berdina izango da helmuga. Dena den, bi horniketa puntu egokituko dituzte. Izena emateko epea zabalik dago, 5 euroren truke. Gaur-gaurkoz Aretako Kultur Etxean, Amurrioko Ortu Kirolaken eta Laudioko Olympus dendara jo daiteke horretarako. Dena den, egunean bertan ere eman ahalko da izena, antolatzaileen esanetan.
Ibilbidearen ezaugarriak
Ibilbideak Alpitxu, Goikogane eta Pagobakarra mendiak zeharkatuko ditu, besteak beste.
Ekimenaren berri emateko Facebook orria sortu dute. Bertan dago ikusgai ibilbidearen nondik norakoak laburtzen dituen bideoa.