Brasilen jaio eta hezi arren, Laudion bizi zara.
Nire gurasoak gu baino urtebete lehenago etorri ziren, 2004an. Ni ikasteko asmoarekin etorri nintzen, baina azkenen gutxi ikasi eta asko lan egiten ari naiz (barreak)!
Zer iruditzen zaizu Aiaraldea? Eta Euskal Herria?
Zoragarria da! Asko gustatzen zait, dena gainera! Bizitzeko ederra iruditzen zait, baita klima aldetik ere. Brasilen bero izugarria egiten du. Horrez gain, goizeko bostetan lasai etxeratzeko aukera izatea sekulakoa da. Brasilen oso arriskutsua da gauez ateratzea, indarkeria asko dago.
Brasileko indarkeria aipatu duzu. Zer nolako egoera bizi dute han ba?
Goizeko lauretan kaletik bazabiltza litekeena da erasotzea edo zerbait gertatzea. Ez dira emakumeen aurkako erasoak bakarrik, orokorra da. Dena den, oso matxista da Brasileko jendea, etxeko lan guztiak nesken menpe geratzen dira. Hemen, ordea, berdintasun gehiago dago zentzu horretan.
"Brasilen ez dago Euskal Herrian dagoen segurtasuna"
Zer du Euskal Herriak Brasilek ez duena?
Segurtasuna. Brasilen ez dago Euskal Herrian dagoen segurtasuna. Eguraldia ere baloratzen dut, han oso lehorra baita, beroagoa. Hemen urtaro guztiak dituzue: udazkena, negua, udaberria... Brasilen ez dago elurra ikusteko aukerarik, hegoaldean agian, baina oso zaila da.
Nolakoa da han gazteen bizitza estiloa?
Jendeak ikasteko ohitura du, unibertsitatera joatekoa. Ondoren lan mundura egiten da jauzi, baina kalera asko ateratzen gara, dezente disfrutatzen da. Hemen lan gehiago egiten duzue. Brasilen jendea askoz eskuzabalagoa eta beroagoa da, nahiz eta ez ezagutu haien etxeetara gonbidatzen zaituzte kafea hartzera.
Oso zabaldua dago Brasileko inauterien irudia. Hemengo aratusteekin ez dute zerikusirik, ezta?
Ezberdinak dira. Inauteriak dira Brasileko festarik nagusienak. Hona etorri nintzenean Euskal Herriko aratusteak oso apalak iruditu zitzaizkidan. Iraupenari begiratzea baino ez dago, han zazpi egunez luzatzen da festa. Jende guztia ateratzen da kalera, baina ez dago mozorrotzeko hainbeste ohiturarik; dantzak elkartzen gaitu, ez mozorroak. Desfilatzen daudenak soilik janzten dira; eta bai, oso arropa gutxi eramaten dute.
"Brasilen jendea askoz eskuzabalagoa eta beroagoa da, nahiz eta ez ezagutu haien etxeetara gonbidatzen zaituzte kafea hartzera"
Festa gosetik harago, janarietan ere nabaria izan behar da aldea...
Bai! Gazta pastelak zoratu egiten nau, probatu dudan gauzarik goxoena da! Brasiletik “coxinha” da nire jaki gogokoena: oilasko kroketa da, birrinduta ditu gazta eta haragia, oso goxo dago. Edariei dagokienez, “caipiriña” da ohikoena, baina ez darama vodkarik, “chachasa” baizik, orujoaren antzerako edaria. Zapore aldetik alkohola da nagusi.
Zelan daramazu euskararen ezagutza?
Oso gaizki, ez dut euskaraz hitz egiten, oso zaila da! Ez dut uste ikasiko dudanik.
Etorkizunera begira, zein da zure asmoa?
Mundua ezagutzea, baina hemen jarraitu nahi dut bizitzen. Ez dut nire burua Brasilen ikusten.