“Ekintzaz ekintza aztertu ditugu iazko jaiak, zein akats egin genituen aztertu eta nola hobetu genezakeen jakiteko”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko uzt. 25a, 07:00

Andoni Unzaga Añibarro eta Aitor Otaola Soria, Ugarten. / Aiaraldea.eus

AITOR OTAOLA SORIA (Laudio, 1970) eta ANDONI UNZAGA AÑIBARRO (Laudio, 1988) Ugarteko Jai Batzordeko kideak dira. Auzoko jaien antolakuntzan murgilduta daude.

Iaz osatu zenuten jai batzorde berria, jaien egitaraua goitik behera aldatu zenuten. Berrikuntza gehiago sartuko dituzue aurten?
Aitor: Planteamendua nahiko antzekoa da. Andoni arduratu da musika kontzertuak lotzeaz. Disko-dantza kendu dugu, Oihan Vega jartzeko. Gauza bera da, azken finean. Baina ospetsuagoa da Oihan Vega.

Andoni: Berbena jarri dugu ostiralean, Akerbeltz taldearekin. Larunbatean bi kontzertu egongo dira, eta Oihan Vega gero.

Aitor: Taldeetako bat Sodupekoa da, eta beste taldeko (Disaster Now) kide bat hemengoa da, auzokoa. Iaz ezin izan genuen herriko talderik lotu, baina aurten bai. Auzoko jendea inplikatzen saiatu gara.

Pilota partiduak egongo dira baita, Lamuza frontoian. Herriaren elkarteko kideek antolatuko dituzte. Guk begi onez ikusi dugu eta dirua jarri dugu. Bolo Arabarraren Txapelketa ere egongo da.



“Bost kide baino ez gaude jai batzordean. Horregatik begi onez ikusten dugu elkarteek euren ekintza propioak planteatzea”



Futbito torneoa da Ugarteko Jaietako ekintza ospetsuenetarikoa. Aurten ere egiteko asmoa duzue?
Aitor: Bai, iragan astean hasi zen, eta jaien bezperan amaituko da. Ez dugu finala jaien barruan sartu oso jende gutxi gaudelako jai batzordean eta lan-zama handia ekarriko lukeelako. Bost kide baino ez gaude lan-taldean. Horregatik begi onez ikusten dugu elkarteek euren ekintza propioak planteatzea, lan asko kentzen digulako horrek. Torneoak denbora asko kentzen digu, arratsaldero hiru pertsona egon behar  garelako hori kudeatzen.

Iaz hasi zineten torneoa jai batzordetik antolatzen.
Aitor: Benjamin, alevin eta infantil mailetako partiduak antolatzera mugatu gara; eskolarteko kirola, hain zuzen.  Hori da egin nahi genuena. Alevinen eta infantilen bosna talde ditugu, eta benjaminen lau. Bi itzuli, play-off batzuk eta finala egingo ditugu. Ez dugu jai-egitarauan sartu, festak baino lehen egingo delako.

Partiduak jaietan amaitzen ziren lehen, baina talde gehiago zeudenean egiten zen hori. Orain umeen atzetik ibili behar gara taldeak osatzeko. Jaitsi egin da inplikazioa. Iaz baino talde gehiago ditugu aurten, baina parte hartzaileak lotzeko denbora gehiago egon da. Hala ere, ekimen polita izango da, asko jokatzeko parada izango dutelako umeek.



“Iaz Umeen Eguna egitea aurreikusia genuen, baina puzgarriak ekartzea ahaztu zitzaigun.  Hori dela eta, aurten inbertsio handia egin dugu egun horri begira”




Beste ekintza batzuk ere mantendu dituzue aurten.
Andoni: Hala da, bai. Paella Txapelketa da horietako bat. Harrera ona izan zuen iaz, paella plazan jateko aukera eman genuelako bati-bat. Saiatu gara baita Jaietako Neska eta Mutila lotzen, antzina egiten zen bezala. Kalejira gidatu eta sari-banaketak dinamizatuko lituzkete. Deialdia egin da, baina bi neskek baino ez dute eman izena. Gauzak hala, eurak izango dira aurtengo Jaietako Neskak.

Aitor: Jaietako kartel lehiaketa ere egin da. Hiru haurrek hartu dute parte, eta baten marrazkia hautatu da kartelean jartzeko. Zaila suertatzen ari zaigu auzoko jendea inplikatzea. Auzokideei asko gustatzen zaie jendea jaietara bertaratzen dela ikustea, baina gero zaila da lagunduko zaituen jendea topatzea. Ez dakigu auzo honetan soilik gertatzen den edo fenomeno orokortu bat den parte hartze txikiarena. Nekea sortzen du. Bilera ireki bat egin genuen, jaiei begirako proposamenak jasotzeko, eta bi pertsona baino ez ziren bertaratu.

Guk ere autokritika egiten dugu. Iaz Umeen Eguna egitea aurreikusia genuen, baina puzgarriak ekartzea ahaztu zitzaigun, iragarri genituen arren. Gure akatsa izan zen hori. Hori dela eta, aurten inbertsio handia egin dugu egun horretan: puzgarri eskaintza ikusgarria egongo da.


“Zaila suertatzen ari zaigu auzoko jendea inplikatzea”



Urte hasieratik daukazue egitaraua lotuta. Nola antolatzen zarete horrenbesteko aurreikuspenez aritzeko?
Aitor: Iazko egitaraua hartu dugu oinarri gisa, ia dena gustatu zitzaigulako. Gauza batzuk hobetu ditugu. Aurten karpa handi bat egongo da, plazaren erdian jarriko duguna. Barraken prezioa jaisten ere saiatu gara, jabeekin akordio batera iritsita. 2 euro balioko du tiket bakoitzak, eta Umeen Egun bat ere egongo da, zeinetan prezioak erdira jaitsiko diren.

Kontzertuek ere izan zuten publikoa. Herri askotan jartzen dira kontzertuak goiz, baina hemen ez zegoen ohiturarik. Jende gehiena 1:00etan hasten da auzora igotzen. Kontzertuak goiz jarrita lortu dugu jendea lehenago bertaratzea. 21:30ean (kontzertuen hasieran) ez zegoen jende askorik, baina 23:30etarako jende gehiena plazan zegoen dagoeneko.


“Bazkari herrikoia are herrikoiagoa egingo dugu”



Larunbatean, aldiz, euri zaparrada itzela egin zuen eta Berta BitterSweetek ezin izan zuen  emanaldia amaitu. Horregatik, aurten berriro gonbidatu dugu auzoan abestera.

Andoni: Ekintzaz ekintza aztertu dugu egitaraua, zein akats egin genituen aztertu eta nola hobetu genezakeen jakiteko.

Aitor: Beteranoen partidua ere errepikatuko dugu, harrera ona izan baitzuen iaz, euria egin arren. Ugarteren eta Goienuriren arteko lehia sanoa sortu zen norgehiagokan, talde bakoitzak auzo bat ordezkatzen baitzuen.

Herri bazkaria ere egingo da. San Inazio peñak antolatzen du, baina aurten babesle lanak egingo ditu Jai Batzordeak, bazkaria merkeagoa izan dadin. Kexak egon ziren, bazkari herrikoi bat 18 euroko prezioan saltzen genuelako, eta geroz eta jende gutxiago bertaratzen hasi zen. Hori dela eta, jai batzordeak 18 euro horietako zortzi hartuko ditu bere gain, tiketak hamar euroko prezioan saldu ahal izateko. San Inazioko kideekin hitz egin dugu eta begi onez ikusi dute ideia. Bazkari herrikoia are herrikoiagoa egingo dugu.


“Zaldi probak berreskuratu ditugu aurten”




Kick boxing eta zunba taldeen erakustaldia egongo da baita, iazko ildoari jarraiki.

Andoni: Zaldi probak berreskuratu ditugu aurten. Aspaldidanik egiten dira Ugarteko Jaietan, baina iaz ez ziren egin. Jende nagusiak gogoko ditu, eta horregatik erabaki dugu antolatzea.

Aitor: Aspaldiko ohitura da zaldi probena. Envases fabrikaren eta Ellakuriren artean egiten ziren hasieran, eta tabernek  manta eskaintzen zuten zaldi irabazlearentzako.

Andoni: Hiru zaldi ekarriko dituzte. Lehen auzoan hainbat pertsonek zituzten zaldiak. Gaur egun Lopezek baino ez ditu, eta berak lagundu gaitu gainontzeko zaldiak lotzen.



“Oso jai erosoak direla esango nuke, erraza delako auzora oinez igotzea. Publiko mota guztientzako ekintzak daudela esango nuke”




Zer azpimarratuko zenukete jaien inguruan? Zer nabarmenduko zenukete?
Aitor: Oso jai erosoak direla esango nuke, erraza delako auzora oinez igotzea. Publiko guztientzako ekintzak daudela esango nuke.

Andoni: Umeen Eguna egingo dugu igandean. Umeentzako krosa egingo dugu goizean, eta helduentzako beste bat jarraian, nobedade gisa. Puzgarriak eta tokiko produktuen azoka egongo dira gero, goizez eta arratsaldez.

Aitor: Begiraleak ere egongo dira, umeak zaintzeko. Beharrezkoa da haurrak bertaratzea, modu horretan gurasoak ere datozelako.

Andoni: Mus Txapelketa ere egongo da, 16:00etan. Iazko nobedadea izan zen, aurretik ez zen inoiz egon, eta harrera ona izan zuen. 50 bikote egon ziren guztira. Txapelketa irabazten duena Espainiako Masterrera joan ahal izango da.

Aitor: Astelehena auzokoentzako izango da. Igel-toka eta txapela jaurtiketa egongo dira, meza eta nagusientzako bazkaria. Azken hori karpan egingo da. Bingoa eta erromeria egongo dira gero. Berbenako kideekin hitz egin dugu gaueko hamabietatik aurrera karaokea atondu dezaten, antolakuntzan egon garenok goza dezagun, festen amaiera baino lehen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide