Laudioko EAJk salatu du udalak galdu egin duela udalerriko saneamendu sarea “egokitu, konpondu eta modernizatzeko” foru laguntza eskatzeko aukera, “saneamenduaren inguruko ordenantzarik ez duelako”. Alderdi jeltzaleko kideek azpimarratu dute “saneamendu sareko zenbait zatitan” ez dela sarerik existitzen edo oso egoera txarrean dagoela.
“Sei urte dira, legealdi oso bat eta erdia, EH Bilduk ordenantza berri bat erredaktatzeko izan duen denbora”, salatu dute alderdi jeltzaleko kideek, eta gaineratu dute Foru Aldundiak “ordenantza horren eredua” eskaintzen duela, “nahikoa litzateke zuriz agertzen diren hutsuneak betetzearekin”. Jeltzaleen ustez, EH Bilduk ardura gutxi erakutsi du laudioarren interesekiko, “bizkarra eman dio laudioarrok jada ezagunak ditugun usain txarrak kentzeko bideari”. Hori dela eta, “lanean hastea” eskatu diote udal-gobernuari.