Laudioko lantegiko zilarreztatze atala “behin betiko” itxiko du Guardian enpresak. Hala salatu dute Enpresa Komiteko kideek. Langileen ordezkariek azaldu dute instalazio hori ez dela desagertu bertan ekoizten diren produktuak jada fabrikatzen ez direlako, “beste lantegi batzuetan ekoizten direlako baizik”.
Langile batzordeko kideek adierazi dute “harritzekoa” dela fabrikako zuzendaritza “horren lasai” ikustea, lantegia “geroz eta txikiagoa” den bitartean, “lanpostuen etengabeko galera” medio.
Sindikatuek adierazi dute azken hamarkadan “ia 200 lanpostu” galdu eta lau instalazio itxi direla Laudioko fabrikan. Hori dela eta, mobilizazioa deitu dute ostegun honetarako. Elkarretaratzea egingo dute lantegiaren atean 12:00etatik 16:00etara. Langile guztiak animatu dituzte txanda aldaketetan mobilizaziora gerturatzera.