Maiatzeko Udal Osoko Bilkuran onartu ziren aurtengo udal-aurrekontuak. 22,8 milioi eurokoak izango dira. Obra eta zerbitzuen arloak izango du diru-partida handiena, 8,36 milioi euro. 4,6 milioi euro bideratuko dira inbertsioetara, zeintzuetatik 2,08 erabiliko diren Antzinako Nagusien Egoitza berritzeko. 297.130 euro aurreikusi dituzte Zubiko Kurajo kaleko obrak gauzatzeko.
Uda baliatuko dute inbertsio horietako batzuk egiteko, Amets Meaza zinegotziak azaldu duenez. 443.000 euro gordeko dira Arrañoko irisgarritasuna bermatzeko lanetarako. Lau hilabeteren buruan bukatzeko asmoa dute, behin esleipena eginda.
Kirol azpiegiturak
Beste 1,1 milioi euro izango dituzte kirol azpiegiturak berritu edota eraikitzeko. Laster jarriko dute belar artifiziala zelaian. 393.320 eurogatik esleitu zaio lan hori Servicios y obras del norte enpresari eta bi asteko epean egingo da. Hamar enpresa aurkeztu dira Gardeako padel pisten lehiaketa publikora; eta Agora Sporti egokitu zaio obra egitea, 162.745 euroren truke. Hiru hilabete izango ditu pistak eraikitzeko.
Bestalde, hainbat obra egingo dute baita Granja kiroldegian. Kontratazio prozesua hasi du udalak eskubaloi pistak berritzeko. Gimnasioa lekuz aldatzeko asmoa dute. 30.667 euroko aurrekontua dute horretarako. Halaber, kafetegiko sukaldea zegoen tokian eraikiko dute kirol-gela berria. Kanpoko arotzeria berritzea ere aurreikusi dute, 61.983 eurorekin.
Era berean, zenbait lan egingo dira herriko hezkuntza zentroetan. 7.100 eurorekin txukunduko dira udal euskaltegiko lehen solairuko komunak, sarrerako zorua eta zuzendaritzaren bulegoa.
Beste 152.580 euro erabiliko dituzte obrak egiteko Fabian Legorburun, Helduentzako Eskolan, Lamuza Eskolan eta Latiorro Ikastetxean. Diru horren % 40 jarriko du udalak, gainontzekoa Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza baten bidez finantzatuko baita.