Sanpedropekoak, lapiko bete ekintza adin guztientzat

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko eka. 29a, 07:00
Sukalki txapelketaren ondotik herri bazkaria egingo dute. / aiaraldea.eus

Ekainaren 30etik uztailaren 1era izango dira  sanpedropekoak Laudion. Jaiak Koordinakundea arduratu da festak antolatzeaz, eta egitarau oparoa prestatu dute haurrentzat zein gazteentzat. Ikuskizunez gain, gastronomia izango da nagusi, “parrillada musikatua” eta “sukalki txapelketa” egongo baitira.

Festa artean agurtuko dute ekaina laudioarrek. Izan ere, Jaiak Koordinakundeak sanpedropekotako ospakizunak prestatu ditu azken astebururako.

Adin tarte ugariri zabaldu diete eskaintza, Ruben Gonzalez Jaiak Koordinakundeko lehendakariak azaldu duenez. Horren adibide da festen hasieran -hots, ekainaren 30ean- egongo den umeentzako emanaldia. “Pailazoak egongo dira 18:00etan Herriko plazan, gutxi gorabehera 19:30ak arte”.  

Haurren ikuskizunaren ondotik abiatuko dute bertaratzen direnentzako “barbakoa”. Ez da, ordea, edonolakoa izango: “Ekitaldi musikatua izango da . Txartelak erosi beharko dira parrilladarako”. Hala, zuzeneko musika jarriko dute jai-eremua girotzeko.

Aurten ere txosna eskainiko dute Herriko plazan: “Ostiralean 17:30ean zabaldu eta 01:30ean itxiko dugu”. Era horretan finantzatuko dituzte festak, nahiz eta Laudioko Udalaren diru-laguntzak ere baliatzen dituzten gastu guztiei aurre egiteko.

Egun handia, larunbata
Larunbata izango da sanpedropekoen “egun handia”, hau da, uztailaren 1a. Sukalki Txapelketarekin emango diote hasiera egitarauari. Izen- ematea 9:30ean izango da, eta 10:00etan ekingo diote partaideek haragia prestatzeari. “Jai koadrilez gain herritarrak ere animatzea nahiko genuke”, adierazi du Gonzalezek.

Antolatzailearen esanetan, Jaiak Koordinakundeak jarriko ditu mahaiak, baina sukaldarien zeregina izango da sua eta beharrezko osagaiak eramatea.  Hala, 13:30ean aurkeztu beharko dituzte lapikoak: “Eguraldi txarra egiten badu arkupeetan egingo dugu txapelketa”.

Sari asko egongo dira: batetik, lehiaketari dagozkionak; eta, bestetik, zozketarenak. Orijinaltasunak ere izango du tartea, sukalkirik txarrenaren egileei motozerra  bat emango baitiete.

Herri bazkariaren txanda izango da eguerdian, nork bere sukalkia jateko unea, hain zuzen. Bazkalostean egingo dute bingoa: “Laudioko tabernek eta komertzioek laguntzaile gisa eman dizkiguten gauzak banatuko ditugu”.
Gonzalezen arabera, Herriko plazak jarraituko du izaten sanpedropekoen erreferentzia gunea, baina iluntzean kalejira egingo dute. 18:30ean izango da hori, Batzalarrin kaletik abiatuta.  

Gauean, aldiz, kontzertuek girotuko dute txosnagunea. Bi musika talde taularatuko dira. Guda dantza ska taldea izango da lehen emanaldia eskainiko duena. Ondoren, Ezetz! erromeriak hartuko lekukoa, eskualdeko hainbat musikariz osatutako taldeak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide