Laudioko Udalak iragarri du hainbat obra egingo dituztela udal-hilerrian. 32.975 euro baliatuko dituzte horretarako. Aurrekontuaren % 64a -21.102 euro- Arabako Foru Aldundiak finantzatuko du eta gainontzekoa udalak jarri beharko du.
Erorketen aurkako babes-sistema instalatzea da aurreikusi duten obretako bat. Hainbat zuhaitz moztuko dituzte baita, euren itzalak hilobien kontserbazioan eragiten duelako. Hortaz gain, moldatu egingo dituzte hilerriko zoladuraren 260 metro karratu, makinaria bertatik pasa dadin. Amaitzeko, lorezaintzarekin erlazionatutako hainbat lan egingo dituzte.
Hiru asteko epea
Amets Meaza zinegotziak jakinarazi du ikasturte berriarekin batera abiaraziko dutela obraren esleipena. Behin hori eginda, hautatutako enpresak hiru aste izango ditu lan guztiak egiteko.
Meazak gogorarazi du udalak beste 50.000 euroko partida duela hilerrian nitxo berriak eraikitzeko, baina gaineratu du oraindik ez dutela zehaztu noiz egingo diren lan horiek.