Kuban jaio eta hazi zara. Nola iritsi zinen Laudiora?
Kuban igaro nuen nire haurtzaro guztia. Kimika teknikari gisa lan egin nuen bertan, nire familiarekin hona etortzea erabaki nuen arte 2006ko udan.
Zerk harritu zintuen gehien, behin hona iritsita?
Hasiera batean dena egin zitzaidan harrigarri: hegazkinera lehen aldiz igotzea, gauez hegan egitea, ordutegi aldaketa nabaritzea, munduaren beste aldera joan eta hodei artetik eguzkiaren dirdira ikustea...Oso polita izan zen. Laudiora iristean tenperatura aldaketa handia sumatu nuen, zeru grisak harritu ninduen baita.
Dena den, gustatu zitzaidan herria, balkoietako loreontziek kolorea ematen diote. Habana alboko herri txiki batekoa naiz ni, toki lasaia da. Gauzak hala, erraz moldatu naiz Laudiora. Aitortzen dut hasiera batean jendeari kostatu egiten zaiola irekitzea, baina apurka-apurka oso ondo hartu naute. Oso harrera ona izan dut jendearen aldetik, lagunak egin ditut, une on zein txarretarako.
Oso ezberdina da Kubako eta hemengo bizitza?
Iritsi eta bederatzi hilabetera lortu nuen nire lehen enplegua hemen. Harrera zoragarria egin zidaten eta laguntza handia eskaini zidan jendeak. Hemengo enpresa mundua oso automatizatua dago, eta lan-munduan berriz hastea bezalakoa zen niretzat. Hala ere, erraza izan zen nire ikasketak homologatu ahal izan nituelako.
Hemen dagoen gauza interesgarri bat da denok daramagula erlojua barnean. Hori da Karibe eta Latinoamerikarekiko ezberdintasuna: estresa. Beranduago bazkaltzen da -ohiko ordutegia munduan 12:00-13:00ak dira- siesta ezin da falta, ez eta poteoa ere; euskal kulturan oso errotua baitago.
Euskara ere hor dago. Zaila da, baina oso polita da ikasten eta apurka-apurka hitz egiten zoazen heinean. Urteetako dedikazioa eskatzen du.
Bestalde, hemen oso gastronomia anitza dago, patata tortilla da jakirik onena! Munduan ez dago beste tokirik zeinetan patata tortilla horrela egiten den. Sekretu handia da hori.
Harremanik duzu hemen bizi diren beste kubatarrekin?
Bai, badut harremana herriko beste kubatarrekin. Gure ohiturekiko nostalgia dugu. Elkartzean gogora ekartzen ditugu kalean jolasten gineneko -haurtzaroko- garaiak, irlan ditugun lagunak, eta irla berriz bisitatzean sentitzen duzun poza. Familiak bertan jarraitzen du, eta egiten dizkiedan bisitak oso laburrak iruditzen zaizkit beti.
Aldaketa asko ari dira gertatzen Kuban azken urteetan. Nola bizi egoera Euskal Herritik?
Hemendik ikusten diren aldaketak erlatiboak dira. Malgutu egin da etxebizitzen erosketa eta negozio propioen garapena, baina blokeo egoerak atzerriko merkatuei eta turismoari gehiago zabaldu behar izatea dakar. Horregatik, bizitza garestitu egin da kubatarrentzako, eta jada ez dago guztien eskura.
Une honetan, herrialdea laguntzeko balio duen gauza bakarra Kubara gauzak bidaltzea da.
11 urte daramatzat dagoeneko hemen nire familiarekin bizitzen, eta hemengo bat gehiago sentitzen naiz.