Huntza, Eskean Kristo, Soulbreaker Company eta Patxuko Nice taldeek joko dute txosnagunean, besteak beste

Txabi Alvarado Bañares 2017ko uzt. 10a, 07:00

Erradikalak gara lana aurkeztuko dute abuztuaren 25ean. / bibakultura.eus

Auzoetako jaien antolatzaileek jasoko dute Urrezko Katxia.

Auzo elkarteek jasoko dute aurten Urrezko Katxia Txosna Batzordearen eskutik. Latiorro, Areta, Ugarte eta San Joan Astobitzako Jaiak antolatzen dituzten taldeek jasoko dute oroigarri hori sanrokeen lehen egunean, txosnagunean.

Modu horretan goraipatu nahi du Txosna Batzordeak auzoetako jaiak antolatzeko baliatzen den eredua. “Jendearen inplikazioa handia da eta lan-talde batek hartzen du bere gain antolakuntzaren ardura. Jaiak herritik eta herriarentzako egiten dituzte auzoetan”, azaldu dute Txosna Batzordeko kideek, eta nabarmendu dute hori dela Laudioko Jaietarako bilatzen duten gauzak egiteko modua. “Urteak daramatzagu eredu hori aldarrikatzen herriko beste elkarte batzuekin batera”.

Egun osoko egitarauak  
Aurreko urteetako ildoari jarraiki, egitarau anitz eta oparoa aurkeztu du Txosna Batzordeak aurtengo jaietarako. Batzordeko kideek nabarmendu dute garrantzi gehiago ematen saiatu direla “goizeko eta arratsaldeko egitarauari”. Hainbat bertso-saio eta antzerki emanaldi eskainiko dituzte horretarako: Ez da kasualitatea (24an) eta Erradikalak gara (25ean), besteak beste. Hortaz gain, familiagunea egongo da goiz guztietan, 15ekoan eta 27an salbu.

Hala ere, mantendu egingo dute gaueko eskaintza, musika eskaintza zabalarekin. Radio Revolución, Urrats, Tximeleta, Childrain, Eskean Kristo, Zazkel, Huntza, Akerbeltz, Soulbreaker Company, Patxuko Nice eta Marianitoz Blai taldeak igoko dira Aldai plazako oholtzara. Afari musikatuak egongo dira baita,  Kometa Urdinak, Boogie Riders, Joseba Irazoki eta MobyDick taldeen eskutik.  

Odoloste Eguneko bazkaria
Aspaldi egiten zen ekintza bat berreskuratu dute baita aurtengo egitaraurako: Odoloste Eguneko bazkaria. “Sagardotegi formatukoa izango da”, azaldu dute batzordeko kideek, “garrantzitsua iruditzen zitzaigun ekimen horri berriz heltzea, odolosteena baita bazkari herrikoirik gabeko egun bakarra”.

Txosnaguneko kideen nabarmendu dute boluntarioen lanari esker lortzen dutela arestian aipatutako ekintza guztiak aurrera ateratzea, eta auzolanean parte hartzeko gonbita luzatu diete herritarrei: “interesa duenak sare sozialen bidez jarri daiteke gurekin harremanetan”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide