Tokiko erakundeak Sarturekin sinatu du hitzarmena enplegu eta trebakuntza programa hasteko. Horren bidez 5 lagunek egingo dute lan ibaia eta errekak garbitzen.
Lanbidek kudeatuko du kontratazio prozesua hurrengo egunetan -ziurrenik hurrengo astean- eta langabezian dauden pertsonak elkarrizketatuko ditu.
6 hilabeteko kontratua
6 hilabeteko lanaldia izango dute eta asmoa da lanak uztailean bertan hastea. Printzipioz, beharginen zeregina izango da ibai ertzetan sastrakak kentzea kutxatilak erabilgarri egon daitezen.
Horrez gain, landare eta zuhaitzen artean bidea irekiko dute hondakin solidoak kentzeko. Aldi berean, eroritako enborrak eramateko parada izango dute baita, Nerbioian ez ezik, San Juan, Arana, Santa Kruz eta Aldai erreketan. Bide batez, ibaitik gertu dauden hesiak margotu beharko dituzte.
92.000 euro
Betebeharrak zehazteko elkarlan akordioa sinatu dute Laudioko Udalak eta URA agentziak. Ekimenaren aurrekontua 92.000 eurokoa da.
EAJ pozik
Laudioko EAJko udal taldeak oharra plazaratu du ziurtatzeko pozik daudela ekimenarekin eta aldarrikatzeko euren ideia izan zela langabeak kontratatzea ibaia atontzeko.