Txupinero izateko hautatua izan zara. Sorpresa izan da?
Hasieran harriduraz jaso nuen albistea. Laudioko kalejiren zerrenda bat prestatu behar nuen, eta Jaiak Koordinakundeko kideek deitu zidatenean horretarako zela pentsatu nuen.
Zoratuak zeudela esan nien hasieran, baina erantzuteko konpromisoa hartu nuen. Egun batzuen ostean erabaki nuen proposamena onartzea.
Ohore handia da, bizitzan behin gertatzen den zerbait. Ondoan izan ditudan koadriletako kideen neurekiko onespena irudikatzen du, eta hori beti da polita.
Orain arte koadrilak txandaka izan dira txupinero. Hori aldatu egin da orain?
Ez dago oso finkatuta txupineroa izendatzeko prozedura. Orain dela bost urte inguru erabaki zen koadrilek erabakiko zutela beti suziria nork piztuko zuen. Orduan pentsatu genuen hoberena izango litzatekeela talde guztiek izatea suziria behin pizteko aukera.
Zozketa bidez zehaztu zen zein koadrilari zer urtetan egokituko zitzaion, baina salbuespenak egon dira. Batzuetan pertsona esanguratsua hautatu da suziria pizteko, bere lanagatik edo irudiagatik.
Imajinatzen dut azken bi bileretan erabaki dutela txupineroa ni izatea. Ni ez naiz batzar horietan egon, Jaiak Koordinakundeko beste azpi-batzorde batean nagoelako. Ez dakit zehazki zergatik hautatu nauten, baliteke jubilatu nahi nautelako izatea (barreak).
“Jaietan indarra gazteek jartzen dute batez ere, hori argi dago. Ni laguntzeko prest egon naiz beti”
Jaietan parte hartzen baino, festen makinaria atontzen aritzen zara zu.
Jaietan indarra gazteek jartzen dute batez ere, hori argi dago. Gazteek dute harreman handiagoa euren artean eta herriarekin. Ni laguntzeko prest egon naiz beti: ditudan kontaktuak baliatuta, azpiegiturak sortzeko nire ogibideak ematen dizkidan aukerak erabilita... horrekin kontatu dute beti nirekin, eta beti eskaini izan dut laguntza.
Batzarretan egoten saiatzen naiz, nire lan-orduek uzten didaten heinean. Jolas-erraldoien eta kale animazioaren azpi-taldeetan nabil gaur egun.
“Xirika koadrilako kideak, Kun kun batukadako partaideak... lan-taldea gara eta oso gauza politak egin ditugu elkarrekin”
Aipatu beharra dago baita ni izendatu nautela txupinero aurpegi ezaguna naizelako, baina nire atzetik badago beste jende bat.
Nik burutzen ditudan gauzak beste batzuk laguntzen didatelako burutzen ditut. Horiei esker egiten dira. Abuztuaren 16ko kalejira, adibidez, barbakoa ibiltari bat izatea bururatu zitzaigun.
Hori ezin dezaket nik bakarrik egin, sekulako laguntza dut hor. Xirika koadrilako kideak, Kun kun batukadako partaideak... lan-taldea gara eta oso gauza politak egin ditugu elkarrekin, egun horretan bereziki.
Behin ehun kilo sardina erre genituen barbakoan, iaz 1100 pintxo moruno zerbitzatu genituen... eta aurten ere beste hainbat prestatzeko asmoa dugu.
Txupinazoan zer eta nola egin pentsatu duzu dagoeneko?
Zerbait prestatu behar da. Txupineroaren eginkizunak zeintzuk diren galdetu dut eta, erantzun didatenaren arabera, ez da ardura handia. Imajinatzen dut jaiei eta herriko bizitzari buruz dugun iritzia plazaratuko dugula txupinazoan, pentsatzen duguna kaleratu eta kitto. Plazaratuko dugun mezua azken unera arte gordeko dugu, Korrikarena bezala.
“Imajinatzen dut jaiei eta herriko bizitzari buruz dugun iritzia plazaratuko dugula txupinazoan, pentsatzen duguna kaleratu eta kitto”
Nolakoak izango dira aurtengo jaiak zuretzat?
Orain dela hiru urte pentsatu genuen irauli behar zela jaiei begirako planteamendua. Festak “ikuskizunen bidea” hartzen ari zirela ikusten genuen: aurrekontu erraldoi bat zegoen, zeinekin hainbat ekintza egiten ziren.
Baina nabaritzen genuen jendearen parte hartzea -koadrilena, kasu- geroz eta urriagoa zela. Dinamika oker bategatik hein batean, baina baita aukera gutxi eskaintzen zirelako.
Horregatik pentsatu genuen horri buelta eman behar geniola, koadrilen arteko ekintza bat burututa, behin gutxienez.
Horrela sortu zen “Jolastoki erraldoia” ekimena. Lehen edizioak balio izan zigun nondik jo behar genuen ikusteko, ez zen hutsala izan, beraz.
Balorazioa agian ez zen oso ona izan, baina denok pentsatu genuen hori zela bidea. Iaz berriztu egin genuen ekimena, eta politagoa atera zen: askoz jende gehiagok hartu zuen parte eta ikusgarriagoa izan zen. Aurten indar berezia eman nahi diogu ekimen horri.
Aipatu beharra dago genero ikuspegitik itzela dela emakumeen parte hartzea, gizonezkoena baino nabarmenagoa da, lan egiteko modu finagoarekin. Horregatik uste dut aurtengo edizioa iazkoa baino askoz handiagoa izango dela.
Koadrila bakoitzak bere ekintza propioak egitera gaude ohituak. “Jolastoki erraldoian”, baina, zortzi koadrilek hartzen dute parte antolakuntzan. Horrek balio du harremanak indartzeko. Ez da urte batetik besterako prozesua, baina hori da bidea nire ustez.