Laudioko Udalak nahi izan du hainbat obren egoeraren berri ematea, horietako asko udan amaitzea aurreikusi baitu.
Azpimarratzekoa da zenbait lanetan dirua aurreztu dutela, aurrekontuaren eta sinatutako kontratuaren aldea handia izan baita. Kasu nagusiak Ellakuriko aparkalekua (55.000 euro), Ellakuriko futbol zelaia (167.000 euro), padel pista (26.000), kiroldegiko arotzeria lanak (9.000) eta Arrañoko igogailua izan dira (37.000).
Kirol azpiegiturak eta ikastetxeak
Horrez gain, obra gehiago jorratzen ari dira, hainbat fasetan daudenak. Lanean ari da kiroldegiko hockey, eskubaloi eta areto futboleko zorua aldatzeko kontratazio mahaia, gimnasioaren leku aldaketaren lizitazioa prestatzen ari dira, hockey zelaiko garbiketa udan egingo da 10.500 euroren truke eta San Martin eta Ellakuriko aldagelen obretako lizitazioak ere egiten ari dira, udazkenean plazaratzeko.
Orain ekin diote Ellakuriko igerilekuak hesi baten bidez ixteari eta erretiratuen egoitzan saneamendua hobetuko dute 5.000 euroko inbertsioarekin. Adingabeen eguneko egoitza intsonorizatuko dute, etxebizitza sozialetan ere aldaketak sustatuko dituzte, ikastetxeetan uda baliatuko dute azpiegiturak egokitzeko eta amiantoa kentzeko Aretan eta Latiorron.
Arrañoko igogailua
Arrañoko igogailua eraikitzeko lanak astelehenean hasiko dira eta 4 hilabetez luzatuko dira. Zubiko Kurajon, ordea, abiatutako obrak Laudioko Jaietarako bukatzea espero dute. Horrela izango ez balitz, udalaren nahia da gehiena eginda egotea eta kalea erabilgarri izatea, tabernek eragozpenik izan ez dezaten.
Omniaren kritikak
Omniak oharra zabaldu du jakinarazteko ez dagoela ados Ellakuriko futbol zelaiko lanen hasierarekin. Izan ere, alderdiak uste du beharrezkoa dela Kirolen Plan Estrategikoa ikuspegi zabalagoa izateko.
Aldi berean, adierazi dute CD Laudio ez dagoela ados aldaketarekin eta leporatu diote udalari Ellakuriko aparkalekuen lanak ere hastea, anabasa sortuta bertako zenbait erabiltzaile eta auzokideren artean.