Laudioko Udalak hainbat ekintza gauzatuko du eraso sexistak ekiditeko eta salatzeko jaietan. Hasteko, Berdintasun Kita banatuko du gazteen artean. Horretarako bi kale hezitzaile egongo dira herrian.
Kita osatuko dute hurrengo gauzek: erasoen aurkako txapa, baliatu daitezkeen telefono zenbakien txartela, txilibitua -erasoak saihesteko- eta zenbait irizpide erasoak ekiditeko edo, behin erasoa gertatuta, zer egin behar den jakiteko.
Horrez gain, 100 kartel jarriko dituzte jai eremuetan errespetua aldarrikatzeko, puntu morearen pankarta jarriko dute udaletxearen fatxadan eta abuztuaren 24an Aldai plazan "Ez da kasualitatea" bertso saioa gauzatuko dute 12:30ean.
Bideoa
Aipatutakoa ez ezik, bideoa ere ekoiztuko dute. Horretarako, deialdia zabaldu dute abuztuaren 9rako -hau da, asteazkenerako-. Parte hartu nahi duten herritarrek elkartzeko aukera izango dute Herriko plazako erabilera anitzeko aretoan 19:00etan.
Udalak proposatu die parte-hartzaileei jaietako arropa eramatea.
Brigada Moreak
Udalak antolatutako ekintzaz gain, Amets Meatza Castañares alkateordeak gogoratu du Bagara Nor talde feministak Brigada Moreak antolatu ditu emakumezkoekin etxerako bidea egiteko.