Dantza, piroteknia, txotxongiloak... taula gaineko diziplina ugarik hartuko dituzte Laudioko kaleak sanrokeetan, hainbat konpainiaren eskutik. Antzezlanak izango dira gehienak. Abuztuaren 16an “Baserriko porrusalda” obra ikusi ahal izango da, “Crazy mozart” 17an, “Pass&Company” 23an eta Pablo Ibarluzea laudioarrak zuzendutako “Lapur minak” 25ean. Txotxongiloekin eginiko bi ikuskizun egongo dira baita ere festetan.
Abuztuaren 25ean “Zo zoom” lana ikusi ahal izango da Herriko Plazan. “Violeta” ikuskizunaren txanda izango da hurrengo egunean, toki berean.
Dantzak ere izango du tartea, Itxarkundia eta Kukai taldeen emanaldiekin. Egongo dira baita ere sailkatzeko zailak diren bi emanaldi: Manneken Pis “instalazio artistiko-umoretsua” eta Deabru Beltzak talde ezagunaren Su a Feu kalejira ikusgarria.
Udalaren eskaintzari Txosna Batzordearena gehitu behar zaio, Txosnagunean ere egongo baita zer ikusi eta gozatu -ikusi 48-49. orriak-.