Aiaraldea komunikabidea izango da aurtengo Laudioko Jaietako pregoilaria. Hala ebatzi du udalak, herritarren partetik jasotako proposamenak aztertu eta gero.
Euskararen normalizazioaren alde eginiko lana aitortzea da izendapenaren xedea, tokiko erakundeak adierazi duenez. Laudioko Jaiak ezinbesteko zita izan dira Aiaraldea komunikabidearentzat, 2010ean sortu zenetik. Bideoak, zuzeneko jarraipenak, elkarrizketak, artikuluak... makina bat eduki plazaratu ditu Aiaraldea.eus web-gunean zein paper euskarrian -aldizkari hauxe bera da horren adibide-.
Euskara bide, ez helburu
Eginiko lan horretan euskara izan du Aiaraldeak bidelagun, ez helburu. Euskararen normalizazioa baino, euskararen herria sortzea baita zazpi urtetan ehundik gora boluntario bildu dituen proiektu honen xedea.
Gaur -abuztuak 14- egingo da pregoiaren irakurketa, arratsaldeko zazpietan Herriko Plazan.