Hainbat berrikuntza sartu dituzte Jaiak Koordinakundeak aurtengo sanrokeetan egingo duen ekintza sortan. “Ezin da urtero programa osoa aldatu, baina saiatzen gara ekintza berriak antolatzen”, azaldu du koordinakundeko kidea den Uztai Largatxak.
Laudio’s Got Talent izeneko jolasa izango da aurtengo nobedade nagusia, baina Jolasgune Erraldoia ere nabarmendu du Largatxak, “hirugarren edizioa izango da aurtengoa eta indarra hartuz doa”. Txosna Batzordearekin duen elkarlanean ere sakondu dute koadrilek. “Horrela sortu da 17ko bazkariaren osteko bingoa”.
Parte hartzeko deia
Gaur egun 18 talde daude Jaiak Koordinakundean, baina beharrezkoa da jende gehiagok parte hartzea, Largatxak azpimarratu duenez. “Jaiei freskotasuna emateko prest dauden pertsona horiek animatu nahi ditugu”. Bi bide daude horretarako: “Euren jai-koadrila sortzea, edota jada existitzen direnetako batean sartzea”.
Txupinazo eguna baino lehen hasiko dira jaietarako berotzen. Izan ere, tradizioari jarraiki Gardeako eskola zaharrean egongo dira abuztuaren 11tik 13ra bitartean, jaietarako koadrilen pankartak egiten.