Sanrokeen jai tartean ere egongo da zertaz gozatu. Abuztuaren 19an egingo da Untxi eta Tortilla Txapelketa Gastronomikoa. Berezia izango da, txapelketaren 40. edizioa izango baita. 1977 urtean egin zen lehenbiziko aldiz.
Rakatapla koadrilako zortzi kideri otu zitzaien ideia, Logroñoko San Mateotako Txuletilla Txapeleketan parte hartu ostean. Baina lehen saiakerak ez zuen arrakasta handirik izan: sari gehiago egon ziren parte hartzaileak baino.
Hala ere, urteek ospe eta garrantzia eman diote lehiaketari, abuztuan Laudion egiten den ekintza esanguratsu eta jendetsuenetariko bat bilakatzeraino.
Euskara sustatzea helburu
Hain handia izan ohi da parte hartzea, ezen 2003 urtean Guiness Errekorra apurtzeko adina untxi eta tortilla aurkeztu baitziren: 350. “Baina notarioa eta telebista ez ziren bertaratu”, oroitu du Ekhiotz Bilbao antolatzaileak.
Rakataplako kideak azaldu du ez dutela aurreikusi aparteko ezer prestatzea urteurrena ospatzeko: “Ohiko parte hartzea espero dugu eta Voces Navarras taldea etorriko da emanaldia eskaintzera”.
Hala ere, hurrengo urteetarako erronka dute buruan: euskararen presentzia handitzea, megafoniatik hasita.