Euskal Herriko Marmitako Txapelketa izango da Latiorroko Jaien ekintzarik esanguratsuena, baina ez bakarra. Azken urteetako helburuei eutsiz, egitarau oparoa prestatu dute jai batzordeko kideek, irailaren 15etik 18ra luzatuko dena. Gaueko eskaintzak izango du pisu handia jaietan.
Ostiralean bi talde igoko dira oholtzara: Txapelpunk eta Etsaiakeroak (Etsaiak talde mitikoaren 30. urteurrena ospatzeko sortutako proiektua). Hortaz gain, eskualdeko talde batek ere eskainiko du kontzertua, eta disko-dantza egongo da gero, gaua luzatzeko. Larunbatean, aldiz, Aiaraldeko Radio Revolución eta Bilboko Enkore taldeek joko dute, tokiko beste talde batekin eta diskodantzarekin batera.
Egun osoko eskaintza
Egitaraua, ordea, ez da gaueko parrandara mugatuko. Beste hainbat ekintza egongo dira. Ostiralean danborrada eskainiko dute Latiorro Ikastetxeko haur eta gurasoek. Jarraian piztuko da festaren hasiera suziria, 19:00etan.
Larunbatean, aldiz, mendi ibilaldiarekin hasiko da eguna, eta beste hainbat jarduera egongo dira egunean zehar: igel-toka, mus eta ping-pong txapelketak, herri bazkaria edota kale-zinemaldia, besteak beste.