Bartzelonan zeundeten atentatua jazo zenean. Nolatan?
Jon Ander: Oporretan geunden, gure lehen eguna zen hirian. 14:30ak aldera iritsi ginen hotelera eta alboan zegoen jatetxe batera joan ginen bazkaltzera. 16:30ak aldera amaitu genuen bazkaltzen. Zutik jarri ginen orduan. Mapa apur bat begiratu eta kaleetatik ibiltzen hasi ginen. Kalean behera joan ginen eta Katalunia Plazan sartu ginenean hasi zen iskanbila guztia.
Zer ikusi zenuten zehazki?
Katerin: Polizia autoak ikusi genituen lehenbizi, sirenak jarrita ziztu bizian igarotzen zirela. Baina ez genion aparteko garrantzirik eman, eta gure bidea jarraitu genuen.
Jon Ander: Baina halako batean polizia auto gehiago gerturatzen hasi ziren, alde guztietatik. Ikusgarria izan zen.
Katerin: Oinezko polizia asko zeuden baita, denak norabide berean joaten.
Jon Ander: Zoramen hutsa zen, eta kezka aurpegia zeukaten guztiek, ikaragarria zen. Guk urrunetik ikusi genuen zegoen iskanbila, eta jendea gu geunden tokira zetorrela ikusi genuen. Orduan konturatu ginen bertatik alde egin behar genuela. Gu izan ginen plazan korrika egiten hasi eta bertatik alde egin genuen lehenbizikoak. Terrazetan jendea zegoen guri begira, nora gindoazen ulertu ezinik.
“Polizia autoak ikusi genituen lehenbizi, sirenak jarrita ziztu bizian igarotzen zirela. Baina ez genion aparteko garrantzirik eman, eta gure bidea jarraitu genuen”
Katerin: Zegoen polizia kopuruarekin argi zegoen zerbait gertatzen ari zela, baina jendea ez zen konturatu arazoa gainean izan arte. Nire ama deitu nuen eta albistegiak ikusteko eskatu nion. Baina oraindik ez zegoen informaziorik, une horretan gertatzen ari zelako dena. Izerditan blai iritsi ginen hotelera.
Jon Ander: Bertan jakin genuen zer gertatu zen, interneten eta telebistaren bidez. Las Ramblasen harrapaketa masibo bat egon zela aipatzen zen, baina ez beste ezer. Orduan konturatu ginen zer gertatu zen. Hoteletik ez irteteko agindua eman ziguten, atentatua jazo zen tokitik oso gertu geundelako. Kale guztiak ixten zeuden.
Katerin: Gertatu zena jakitean izutu egin ginen, oso gertu egon ginelako eta terrorista bat ihes egin zuela esaten zelako. Gerra giroa zirudien. Ezin ginen hoteletik atera eta helikopteroak, autoak eta sirenak entzuten genituen. Orduan erabaki genuen ez ginela bertan geratuko. Mugikorraren bidez etxera itzultzeko hegazkin bat bilatu genuen eta hurrengo eguneko 10:30etarako Bilbon geunde berriz.
“Gu izan ginen plazan korrika egiten hasi eta bertatik alde egin genuen lehenbizikoak. Terrazetan jendea zegoen guri begira, nora gindoazen ulertu ezinik”
Zenbat denbora egon zineten hotelean?
Jon Ander: 18:30etatik goizaldeko bost t´erdietara arte. Taxi bat hartu genuen orduan,. Aireportura joateko.
Katerin: Jende zenbaketa bat egin zuten hotelean, gelaz gela, guztiak geunden jakiteko.
Jon Ander: Hotelean arratsaldean igaro zuen jende asko ez zekien oraindik zer gertatu zen.
Nolakoak izan ziren hotelean igaro zenituzten ordu horiek?
Jon Ander: Gurekin hotelean zegoen jendea ez zen kanpora atera, eta nahiko lasai zeunden. Zerbitzarien artean ere lasaitasun handia sumatu nuen. Gu ginen urduri geunden bakarrak, kanpoan egon ginelako.
Katerin: Ez ziguten egonaldia bertan behera uzteko inolako oztoporik jarri, ulertzen zuten gu joan nahi izatea.
“Gerra giroa zirudien. Ezin ginen hoteletik atera eta helikopteroak, autoak ziztu bizian igarotzen eta sirenak entzuten genituen”
Nolakoa izan zen Bartzelonatik irtetea eta hona itzultzea?
Jon Ander: Aireportura sartzeko kontrol polizial handia zegoen. Mossoak oso armatuak zeuden.
Oso segurtasun neurri zorrotzak zeuden, polizia bat pertsonako.
Katerin: Ziurgabetasun handia genuen. Ez genekien kaleak itxita egongo ziren edota igarotzen utziko ziguten.
Zaila izan da zuen lagun eta senide guztiei onik zeundetela jakinaraztea?
Katerin: Nik amari albistegietan ezer agertu baino lehen hots egin nion. Berarekin hitz egin ostean hasi ziren telebista kate guztietan lehenbiziko informazioak plazaratzen.
Jon Ander: Whatsapp bidez gure lagunekin hitz egiten hasi ginen, ondo eta salbu geundela helarazteko.
Katerin: Hotelean egon ginen ordu horiek gure senide eta lagunekin hitz egiten igaro genituen. Nire ahizpak oso urduri deitu ninduen, hotelean geundela jakin arren. Gure senideak ez ziren lasaitu gu Laudiora itzuli arte.
Nola baloratzen duzuen komunikabideek eta sare sozialek gertakari honetan bete duten papera?
Jon Ander: Horrelako gauza bat gertatzen denean informazioa nahi duzu. Terroristetako bat ihes egin zuela esaten zenez uneoro geunden albistegiak kontsultatzen.
Katerin: Bertan geundean ez nuen irudirik ikusi nahi izan. Laudiora iristean aldiz bai, bideoaren bat edo beste ikusi genuen.
Jon Ander: Ni nahiko pozik geratu nintzen informazioa helarazteko zegoen moduarekin, zer gertatzen zen jakiteko balio izan zigulako. Poliziaren jokaera ere ikusgarria izan zen: toki guztietatik irteten ziren.
“Gaur ez dut bat ere ondo lo egin, aurreko egunean senideekin afaltzen ari ginela negarrez hasi nintzen bat batean... ez nuen uste horrenbeste eragingo zidanik”
Nolakoa izaten ari da ohiko bizitzara itzultzearen prozesua?
Jon Ander: Katerinek hobeto darama, baina niri gehiago kostatzen ari zait. Gaur ez dut bat ere ondo lo egin, aurreko egunean senideekin afaltzen ari ginela negarrez hasi nintzen bat batean... ez nuen uste horrenbeste eragingo zidanik.
Katerin: Pelikula bat bizi izanaren sentsazioa dut nik. Oraindik ez naiz hori nik bizi izan dudanaren kontziente, eta agian horregatik ez nau horrenbeste eragin. Baina egia da telebistetako irudiak ikusten ditudanean biktimetako bat ni izan nintekeela pentsatzen dudala. Eta horrek bai eragiten digula.
Jon Ander: Nik 24 ordu daramatzat deskonektatuta, ez dut zer gertatu den jakin nahi. Hasieran banuen informazio gose hori, baina orain ez dut ezer jakin nahi.
“Badakit orain gehiago beldurtuko nauela jende asko dagoen tokietan egoteak”
Gertatutakoak zure bizitza ikusteko modua aldatu duela esango zenukete?
Jon Ander: Nire bizitza filosofia carpe diemean oinarritzen da: Egin esazu une bakoitzean egokien ikusten duzuna eta gozatu bizitzaz. Zentzu horretan, ez dut uste atentatuak nire bizitza ikuskera hori aldatu duenik. Zerbait egitekotan indartu egin du: ez genuen gurekiko kontrola behin ere ez galdu eta jokatu behar zen moduan jokatu genuen. Pozik nago momentu horretan izan genuen jokaerarekin, baina ez horrek guztiak nigan eragin duenarekin, ez nuen espero.
Katerin: Nik badakit orain jende asko dagoen toki batera banoa eta zerbait arraroa gertatzen bada askoz beldur gehiago izango dudala. Ez zaizunean ezer gertatu badakizu gertatu ahal zaizula, baina ez zara horretaz kontziente. Horregatik, badakit orain gehiago beldurtuko nauela jende asko dagoen tokietan egoteak.