Arrañoko auzokide talde batek eskatu du igogailu proiektua gelditzeko, epaitegira joko dute bestela

Erredakzioa 2017ko abu. 29a, 12:00

Arraño kaleko 7. ezkerra, 10. eta 12. atarien artean eraikiko dute igogailua./ aiaraldea.eus

Arraño kaleko 10., 12. eta 7. ezkerreko atarietako bizilagunek adierazi dutenez, eraikitzeko asmoa duten igogailuko plataformak zenbait etxebizitza lurperatuko ditu. Azpiegitura berria aurrera badoa, erabiltzaileek euren etxe-barruak ikusiko dituzte. Ond orizo, pribatutasuna kenduko diela salatu dute.

Laudioko udalbatzan atzo herritar talde batek hartu zuen hitza; erregu eta galderen txandan, Arrañoko igogailu berriaren lanak gelditzea eskatzeko. Zentzu horretan, Arraño kaleko 7. ezkerreko, 10. eta 12. atarietako bizilagunek egungo proiektua aldatzeko beharra azpimarratu dute.

Besteak beste, auzokideen bozeramaileak azaldu zuen igogailuaren kristalak gardenak izango direla; eta hori dela eta, erabiltzaileek aukera izango dutela etxebizitza barruan edo 7. ezkerreko lorategian gertatzen dena ikusteko.

Horrez gain, plataforma luzea egitea jasotzen duenez proiektuak, azpian geratzen diren etxeak kaltetuak izango direla ohartarazi dute, argirik gabe geratuko baitira.

Udalaren erantzuna

Amets Meaza Udal gobernu taldeko alkateordeak erantzun zien herritarrei; bizilagunen eskariak proietku berria idaztea suposatzen duela esanez, eta hori ezinezkoa dela, hurrengo urtean hasiko baitira lanak. Ordezkariak argitu zuen 2014an abiatu zutela egitasmoa, eta auzo batzarretan behin baino gehiagotan landu dela gaia. Meazaren esanetan, legealdi honetan gauzatuko dira obrak.

EH Bilduko kidearen esanetan eginda dago esleipena; eta lanak geldituz gero, kalte-ordaina ordaindu beharko liokete kontratatutako enpresari -aurrekontuaren % 6- baita irisgarritasunerako Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza ukatu ere (200.000 euro inguru).

Aldaketarako tartea

Proiektua gelditzea baztertu arren, aldaketak txertatzeko atea irekita utzi zuten alkateordeak; igogailuaren kristalak gardena izan behar badu ere -eraso sexistak ekiditeko eta gune beltzak ez sortzeko-, ilunagoak izateko aukera dagoela uste baitu, eta hori landuko dutela iragarri zuen.

Epaiketarako bidea

Auzokideen bozeramaileak adierazi zuen ez daudela irisgarritasuna hobetzeko igogailua eraikitzearen aurka, baina proiektuak auzokide guztien oniritzia behar duela nabarmendu dute.

Horregatik eskatu zuen lanak etetea, berez, bizilagunen ustez, udalak kalte-ordaina bere gain har dezake -18.000 euro inguruko kostua izango litzateke- eta irisgarritasun diru-laguntza berria lortu. Bestalde, euren aburuz, plataformaren azpian sortzen den lekua gune beltza izan liteke.

Gauzak horrela, bizilagunek aurreratu dute epaitegira joko dutela aldarrikapenak betetzeko. Gaineratu dutenez, egokiagoa zen Udalak hasieran proposatutako proiektua: eraikinen artean plataforma eraiki ordez, igogailua egun eskailerak dauden hormen aurka jartzea, hain zuzen.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide