"Laudion sentitu genuen etxean geundela"

Erredakzioa 2017ko ira. 5a, 07:16

MARI LUZ CAPARRÓS Esplugues de Llobregateko castellersen Collako presidentea da. Laudioko Jaietan aritu ziren oso modu aktiboan.

Zer moduz Laudioko jaiak?

Benetan jai ikusgarriak izan dira guretzat, izugarri gozatu dugu eta plazera izan da egiten duguna Laudioko herritarrei erakustea eta haiekin partekatzea.

Dirudienez, ospakizunetan asko integratu zarete. Horrela izan al da?

Bai, uste dut bi herrien arteko batasuna giroan hauteman zela. Oso interesgarria izan da ere zuen kulturaz blaitzea, egunero antolatutako ekintzen bidez. Atsegin dugu jaietan parte hartzea eta bertakoekin partekatzea, goazen lekura goazela.

Beste herrietako jaietara zoazte maiz?

Gure helburua da urtean irteera bat egitea; horrek laguntzen digu castellerren jarduera ezagutzera ematen, normalean aukera hori ez duten lekuetan. Gainera, elkarbizitza handiko unea da guretzat, ohiko jardunetik kanpokoa.

Horrek laguntzen digu gure arteko batasuna handitzen, eta taldea askoz gehiago kohesionatzen du.

Nolakoa izan da castellerrei egindako harrera?

Harrera izugarri ona izan da, etxean geundela sentitu dugu. Aukera hau baliatu nahi dut bihotzez eskerrak emateko Laudioko herriari, antolakuntzari eta gu hain ondo sentiarazteko lan eta lan aritu direnei.

Gogoan dugu oraindik bazkaria, guretzat aritu ziren bertsolariak, herrian zehar zalantzak argitzeko gelditzen gintuzten herritarrak...

Gure emanaldi bakoitzean herritarrek emandako erantzunak oso oso ondo sentiarazi gaitu. Udalari ere eskerrak eman nahi dizkiogu harreragatik, benetan atseginez eta modu ahaztezinean hartu gintuzten eta. Sentipen hori taldekide guztiek adierazi dute, gutako bakoitzak pila gozatu du bidaia honetaz, eta oroitzapen bikaina gorde dugu.

Zer garrantzi dute castellerrek Katalunian?

Castellerren jarduna gorakada izaten ari da Katalunian. Mugez haraindi ere atera da, eta jada badaude taldeak lurraldetik kanpo, kanpoan bizi diren katalanek sortuak.

Castellerra izatea bizimodu bat da, lau balio garrantzitsu irudikatzen ditu: indarra, oreka, ausardia, eta seny delakoa (zentzu komuna bezala itzuli daitekeena). Balio horiek oso errotuta daude gure kulturan. Integratzeko, hobetzeko eta konpromisoak hartzeko espazioak dira, egunero praktikan jartzen direnak.

Castell delakoen jatorria 1770-1800. urteen artean dago, eta lehenbiziko colla [casteller taldea] 1801ean sortu zen. Denbora horretan gainbehera eta susperraldi garaiak egon dira.

1975. urtetik aurrera, kaleko jarduerak berreskuratu ziren, baita kultura katalanaren aldarrikapen jarduerak ere. 2010ean UNESCOk Gizateriaren Ondaren Immaterial izendatu zituen castellak, eta castellerren jardueraren aitortzan beste bultzada bat izan zen. Gaur egun, historiako momentu onenean daude.

Zer nolako prestakuntza behar du castell bat egiteak?

Guk, esaterako, astearte eta ostiraletan entseatzen dugu, egunean hiru orduz, eta gainera ostegunetan hobetzeko saioak eskaintzen ditugu nahi dutenentzat. Horrez gain, asteburuetan emanaldiak ditugu urtean zehar (martxotik azarora), gainerako casteller taldeekin.

Lehenbizi haurrak hasten dira, eta ondoren guztion artean entseatzen dugu. Jarduera honetan pertsona guztiak dira garrantzitsuak; egoera fisikoak ez du garrantzirik, beti izango duzulako lekua castellean.

Castellerren jarduna guztiz altruista da eta konpromiso maila altua eskatzen du, entseguetan beharrezkoa delako ahalik eta jende gehien egotea taldeak bere helburuak bete ditzan. Ezer ez da kasualitatearen esku uzten castell bat eraikitzen denean: piña delakoa (castellaren beheko partea) zehatz-mehatz kalkulatzen da, eta pertsona bakoitzak bere lekua du, entseguetan praktikatzen dena. Zatirik ikusgarrienak ere (tronc), entsegu asko eta entrenamendu fisiko handia eskatzen ditu.

Adin ezberdineko jendeak hartzen du parte. Nolakoak dira harremanak horrelako talde batean?

Nire ustez horixe da casteller taldeen gauza handienetako bat; zentzu horretan, hain anitzak diren jarduera gutxi daude. Izugarria da ilobak eta aitonak elkartzea castellak egiten, zaletasuna familiaren bidez transmititzen da sarri.

Harremanak naturalak dira. Gainera, bestelako zaletasunak partekatzeko ere aprobetxatzen dugu, gure jardunetik kanpoko ekintzak prestatuz, eta horrek are gehiago laguntzen digu belaunaldi arteko harremanak sendotzen.

Laudiora itzultzeko asmoa duzue?

Asko gustatuko litzaiguke, dena zoragarria izan baita. Ez gara errepikatzeaz nekatuko: eskerrik asko!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide