Laudioko EAJk leporatu dio EH Bilduri ez duela interesik jai irekiak antolatzeko. Jeltzaleek azaldu dute hainbat kexa egon dela txosnaguneak jasotzen duelako udalaren babesa beste gune batzuk baztertuta.
Zentzu horretan, EAJk zabaldu du zezen plaza bi aldiz besterik ez dela erabili. Halaber, jeltzaleek esan dute: "Zumalakarregi etorbidean kokatutako oholtza handiak ere gabeziak agertu ditu: AC/DCren bertsioak egin zituen eta abuztuaren 16an gure herrira hurbildutako jaizaleen oniritzia jaso zuen taldeak arazo serioak izan zituen oholtza/kamioi egitura dela eta. Eta beste batzuetan, Herriko plazan eta txosnagunean antolatu ziren musika emanaldiak akustikoki zapaldu ziren, eskaintza musikala ere zeharo ahulduz."
Bide beretik, EAJko kideek kritikatu dute nagusientzako berbenarik ez antolatzea edota Odoloste Egunean plaza inguruan hutsunea egotea ekitaldien aldetik. 12 eta 16 urte bitarteko nerabeak ere ahaztuak izan direla iritzi dute jeltzaleek.
Bukatzeko, EAJk nabarmendu du jaien egitaraua ez zela herri osoan banatu eta zenbait auzotan ez zutela jaso.