Aurkezpenera jende ugari bertaratu da; hedabideak, zinegotziak, sukaldariak, Orozkoko Beti Jai elkarteko kideak -iazko txapelketaren irabazleak-, edota Latiorroko Jai Batzordeko kideak, besteak beste.
Aitor Mate laudioarrak azaldu du jai batzordeak ilusio eta gogo handiz hartu duela Euskal Herriko Marmitako Txapelketa antolatzea. Eurentzat saria eta aitorpena izan da; izan ere, Laudion sukaldari eta gastronomia lehiaketa ugari egin dituzte.
Marmitako Txapeldunak Laudion eta Aiaraldean
Matek adierazi du espero dutela herriko eta eskualdeko sukaldariek postu onak lortzea sailkapenean. Berez, azken 10 urteetan, Aiaraldekoek 5 aldiz irabazi dute txapela eta laudioarrak, guztira, 7 aldiz izan izan dira txapeldun.
Dena den, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko hainbat sukaldarik parte hartzea nahi dute. Berez, epai-mahaian herrialde ia guztiak egongo dira ekoiztuta.
Natxo Urkixo alkateak animatu nahi izan du jende orok parte har dezan txapelketan, nahiz eta puntako sukaldariekin lehiatu.
Dastamen laborategiak eta tailerrak
Josean Merino Arabako Txakolinaren Jatorrizko Izendapenaren presidenteak gaineratu du zenbait upategi egongo direla txapelketan ekimena babesteko. Aldi berean, azaldu du bi tailer gauzatuko dituela Slow Food elkarteak, tokiko produktuen garrantzia erakusteko. Izena emateko Facebook (Lateorro Jai Batzordea) edo twitterrera (@LatiorrokoJaiak) jo behar da.
Alde batetik, dastamen laborategia egingo dute inguruko ekoizleekin; Alberto Camino fruta ekoizlearekin, Leire Ibarrola gaztagilearekin, Beldui txakolindegiarekin eta Txema Perez de Arriba ziza ekoizlearekin, besteak beste.
Horrez gain, Basque Culinary Centerrek marmitako tailerra eskainiko du umeentzat eta "faltzue" edaria emango dute; txakolina, tonika, karpya eta izotza dauka edabeak.
Hegaluzea
Gaur eusko labeldun hegaluzea dastatzeko parada emango dute Herriko plazan 19:30etik aurrera.