SOS Laudioko Lamuza Parkeak parte hartu zuen Kasinoaren inaugurazioan atzo. Bi eraikin konpondu direlako pozik azaldu arren, ohar kritikoa plazaratu zuten; Arabako Foru Aldundiko arkitektoarekin hainbat gai batean baino gehiagotan talka egin dutela adierazteko. Adierazi dutenez, terrazaren erabileraz gain, bestelako aferak ere izan dituzte: komunen kokapena, ateen irekiera...
Mezua erakundeentzat
Plataformak nabarmendu du erakundeen elkarlanerako jarrera agerikoa dela, baina iritzi du beste modu batean ekin behar zaiola Lamuza Parkeko egoera zuzentzeari. Gauzak horrela, plan integral eta orokorra jorratzea proposatu dute, zeharkako ikuspegiak uztartuta.
Kasinoaren erabilera
Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak hartu zuen hitza Kasinoaren inaugurazioan. Erakunde foralak egindako ahalegina aipatu ez ezik, azpimarratu zuen orain Kasinoaren eta Musika Etxearen erabilerak zehaztu behar direla. Izan ere, eraikina zertara bideratuko diren ez dago argi.
Atzo esparru ugariko ordezkari politikoak egon ziren inaugurazio ekitaldian: Igone Martinez de Luna Kultura (Euskara eta Kirol Diputatua), Kike Fernandez de Pinedo (EH Bilduko burua Arabako Batzar Nagusietan), Natxo Urkixo (Laudioko Udaleko alkatea), herriko zinegotziak edota eskualdeko batzarkideak.