Kultur sorkuntza Aiaraldean

"Helburu nagusia da dantza profesionalaz bizitzea"

Aitor Aspuru Saez 2017ko ira. 21a, 08:37

Madrilen bizi da Paula Urquijo.

PAULA URQUIJO (Laudio) gazteak Madrilen ikasten du dantzari profesionala izateko eta horretarako urrats berria eman du Nizako Operako Konpainian plaza lortuta praktikak egiteko.

Nizako Operako konpainian arituko zara, zer da zehazki lortu duzuna eta zer proba mota egin behar izan dituzu horretarako?
Bai, praktika moduko batzuk egiten arituko naiz, ez da plaza finkoa. Uztailean egin nuen proba Nizan bertan,  konpainiarekin dantza klase bat hartuz.

Orain Madrilen zaude ikasten, non?
Bi urte daramatzat Madrilen. Pasa den ikasturtean batxilergoa eta dantza ikasketa profesionalak bukatu eta gero, aurten goi-mailako dantza ikasketetan nabil, María de Ávila kontserbatorioan.

Zein da zure egunerokotasuna Madrilen? Eta zertan eragingo dio Nizako proiektuak?
Egunak nahiko gogorrak izan ohi dira, ordu piloa ematen dudalako etxetik kanpo. Goizeko 09:00etan hasten dira klaseak, eta normalean 17:30ean bukatu. Nizan egoten naizen bitartean ezinezkoa izango da klaseetara joatea, beraz, urrutitik jarraituko ditut ikasketak.

Nolakoa da giroa dantzarien artean? Oso lehiakorra da edo gainerako diziplinetan bezala?
Egia esan oraindik ez dut ezagutzen mundu profesionalean dagoen giroa, baina espero dut kontserbatorioan zegoenaren antzekoa izatea, lan eta lagun giro ona. Lehiakortasuna, beste gauzetan bezala, hor dago, baina, nire ustez, bakoitzak bere mugak gainditzen laguntzen du honek.

Noiz hasi zinen dantzatzen eta zerk bultzatu zaitu jarraitzera?
Hiru urte nituenean sartu ninduen  amak, etxean egun osoa ematen nuelako gorputza mugitzen. Askotan galdetzen diot nire buruari ea zergatik jarraitzen dudan dantzatzen, baina ezingo nuke imajinatu nire bizitza arte honen parte izan  gabe.



Zer da zuretzat dantza? Zein izan da zuretzat emanaldirik bereziena?
Ezinezkoa da hitzez dantza niretzat zer den azaltzea, nire munduan sartzen naiz dantzatzen dudanean, eta mugak gainditzeko lan egiteak eta borrokatzeak ondo sentiarazten dit. Oholtzara ateratzeko momentuan sentitzen dena izugarria da niretzat... urduritasuna alde batera utzi eta dena ahazten duzu.

Egia esan ezin dut emanaldi bakarra hautatu, denak ezberdinak direlako, onak eta ez hain onak ere bai.

Sakrifizio handiko diziplina da? Zer behar da?
Ikaragarrizko sakrifiziozko diziplina da, beti egon behar zarelako prest dena emateko, mentalki eta fisikoki.

Zeintzuk dira zure helburuak etorkizunerako?
Helburu nagusia dantza profesionalaz bizitzea da, baina hori lortu ezean, dantzarekin zerikusia duen zerbaitetan lan egin nahiko nuke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide