Nekropolian hilobi monolitikoak aurkitu dituzte, hau da, harrizko estalki bakarrekoak. Urriak dira horrelako elementuak Euskal Herrian, izan ere, harri horiek kalitatezkoak ziren eta berriro erabiltzen zituzten bestelako eraikuntzetan.
Sergio Escribano historialari eta indusketen arduradunaren esanetan, XI. mendekoak izan daitezke. "Kontserbazio egoera oso ona da", nabarmendu du.
Leku horretara heldu dira bigarren elizaren eskaileretatik (berez, Ermu Andra Mariko egungo tenplua hirugarrena da). Antza, nekropolia elizaren kanpoaldean zegoen.
Indusketak jarraituko dituzte
Escribanok adierazi du irailean ekin diotela indusketen azken faseari eta emaitzek guztiz aldatu dutela ikerketaren norabidea.
Hasieran elizaren barrualdea bukatutzat eman nahi zuten, baina nekropolia agertu ostean, bertan jarraitzea erabaki dute. "Askoz garestiagoa eta nekezagoa da han jarraitzea, gero zorua konpondu behar baita, baina ez bada orain, litekeena da inork ez induskatzea inoiz", argitu du Escribanok.
Bisitak
Laudioko udal gobernu taldeak jakinarazi dio ikerlariari erabateko babesa izango duela eta lanak finantzatzeko prest dagoela; eta apaizak zein apezpikutzak ere baimena emango dute, zenbait baldintza beteta.
Gauzak horrela, azken aurkikuntzen berri emateko bisitak antolatzeko asmoa daukate azaroan, edonola ere, oraindik ez dute ezer zehaztu.