Gerraostean jaio zinen. Nola ikasi zenuen euskara?
Etxean, batera ikasi genituen gaztelera eta euskara. Ama euskalduna zen, Zeanuritik etorri baitzen Laudiora bizitzera, 13 urterekin. Gogorra izan zen berarentzat, euskaraz soilik zekielako eta herrian gaztelaniaz hitz egiten zelako gehienbat. Nire aita hemengoa zen, eta ez zekien euskaraz hitz egiten, baina berak derrigortu gintuen euskaraz ikastera.
Nolatan?
Bizkaitar eta gipuzkoarrekin egiten zuen lan aitak. Denak ziren euskaldunak, bera izan ezik. Horregatik erabaki zuen noizbait seme-alabak izaten bazituen bai ala bai euskaraz jakingo zutela.
“Nire aita hemengoa zen, eta ez zekien euskaraz hitz egiten, baina berak derrigortu gintuen euskaraz ikastera”
Euskaraz hitz egitea debekatua egon zen frankismoan. Bazegoen kalean euskaraz hitz egiterik?
(Ezetz dio buruarekin) Kalean ezer, zero. Gogorra zen. Egun guztia igarotzen genuen erdaraz hitz egiten, baina etxera heltzen ginenean gaztelaniaz egiten bagenuen aitak ez zigun kasurik egiten, berarengana euskaraz zuzentzea nahi zuelako. Ez zuen hitz egiten, baina ulertzen zuen hizkuntza. Berak erderaz hitz egiten zigun, baina guk euskaraz erantzun behar genion. Oso nahasgarria zen.
Ezagutzen zenuten euskaraz hitz egiten zuen beste auzokiderik?
Laudion jaioak ez behintzat. Orozkotik edo beste toki batzuetatik etorritakoak egongo ziren, baina jatorriz Laudiokoa zenik ez, nik dakidala. Baserrietan eta komentuetan mantendu zen euskara.
Pertsona konkretu batzuekin bai hitz egiten genuela. Gure baserria da atzeren dagoena Laudion. Hurbil dugu Orozko. Muruetatik gora zeuden baserrietako bizilagunek bazekiten euskaraz, eta eurekin bai hitz egiten genuela; mendian betiere. Kalean ez genuen euskara erabiltzen. Gure etxea nahiko isolaturik dago, 250 metrora dago lehen auzoa. Nahi beste egin dezakezu oihuka inork ez zaituela entzungo. Hori da geneukan abantaila. Oso zirkulu itxi eta pribatuan erabiltzen genuen hizkuntza.
Bazeuden pertsona batzuk euskaraz zekitenak baina erdaraz hitz egin behar geniena, frankistak zirelako. Zoramena zen. Debekatua bazegoen ikastea, zergatik ikasi behar genuen? Txikiak ginenean ez genuen ulertzen. Zaila da gaur egungo perspektibatik ulertzea zein gogorra izan zen hori. Batzuekin euskaraz hitz egin ahal genuen eta beste batzuekin ez, eta txikiak ginenean ez genuen ulertzen zergatik.
Frankok debekatu zuen euskara, baina bera ez zen hemen egon. Hemengo auzo eta familiak izan ziren debeku hori aplikatu zutenak.
“Bazeuden pertsona batzuk euskaraz zekitenak baina erderaz hitz egin behar geniena, frankistak zirelako”
Zaila izan zen hizkuntza mantentzea?
Bai. Praktikatzeko ahalegina egin behar genuen, galdu egingo genuen bestela. Aita, ama eta neba hil ostean, nolabait moldatu behar nintzen euskara praktikatzeko. Senarrak ez zuen hitz egiten. Bere aita Santa Mariako portuko kartzelan egon zen hiru heriotza zigorrekin, eta ez zieten euskaraz hitz egiten uzten. Gauzak hala, semearekin hitz egiten nuen, eta ilobarekin gero.
Nire senarraren izebak behin galdetu zuen ea nork irakatsiko zion nire ilobari euskaraz, nire senarrak ez bazekien. “Amonak”- erantzun zion berak. Harrituta geratu zen izeba, ez baitzekien nik euskaraz nekiela.
“Frankok debekatu zuen euskara, baina bera ez zen hemen egon. Hemengo auzo eta familiak izan ziren debeku hori aplikatu zutenak”
Euskaraz idazten eta irakurtzen dakizu?
Ez, ez nuen ikasi. Euskara klaseak sortu zirenerako nagusiegia nintzen eta eginbehar gehiegi nituen. Hitzez defendatzen naiz.
Noizbait izan zenuten arazorik euskaraz hitz egiteagatik?
Ez, inoiz. Jende askok oraindik ez daki euskara dakidala. Oso pertsona zehatzekin hitz egiten dut.
Zure semeari euskara irakatsi zenion.
Etxean irakatsi nion, eta Latiorroko Ikastetxera joan zen gero, klaseak bi hizkuntzetan -euskaraz eta gaztelaniaz- eskaintzen hasi ziren urtean.