Laudioko Udalak aparkaleku berria sortu zuen Ellakurin udan, igerilekuetara joaten den jendeak eragiten dituen arazoak ekiditeko.
Lanak guztiz bukatu ez badira ere, ordenantza prestatzen ari da tokiko erakundea. Izan ere, 91 toki daude bertan eta horietako 14 autokarabanek erabil ditzaten egin dituzte.
Ezarri nahi dituzten arauen artean, nabarmentzekoa da kanpaldi librea saihestu nahi dutela. Ondorioz, gehienez 72 orduko baimena emango dute eta sanrokeak izanez gero, 96 ordu.
Aparkatzea doakoa izango bada ere, bertako zerbitzuak -ura eta elektrizitatea- baliatzeko ordaindu beharko da. Halaber, debekatua egongo da aparkalekuan ibilgailuak garbitzea.
Isunak
Arauak betetzen ez dutenek 300 euroko isuna jaso dezakete, eta kanpaldia librea egingo balute, 450 eurokoa. Kautela-neurrien artean dago autokarabana ibilgetzea.