"Europako Koktel Txapelketa irabaztea da nire asmoa"

Txabi Alvarado Bañares 2017ko urr. 15a, 07:00

Oslon bizi da Zaloa Sanjurjo Garcia. / Z.S.G.

Eskandinaviako Koktel Txapelketa irabazi berri du ZALOA SANJURJO GARCIAk (Laudio, 1989). Europako Txapelketara joango da laster, Atenasera.

Eskandinaviako koktel txapelketa irabazi berri duzu.
Nik TGI Friday's izena duen jatetxe amerikarrean lan egiten dut. Gazte batek ireki zuen lehenengoa 1965ko New Yorken eta izugarrizko arrakasta izan zuen, koktelak eta janaria lokal berdinean saltzen zituen lehengo tokia izan zelako.

Hortik aurrera, haiek izan ziren 80ko hamarkadan lehenengo Bartender Txapelketa egin zutenak, Bar Olympics izenarekin (Tom Cruiseren Cocktail filma bertan grabatu zuten). 1991an izen hori aldatu eta hortik aurrera World Bartender Championship deitu da.

Eskandinaviako norgehiagoka lehengo pausua baino ez da izan. Berez, nazioarteko txapelketa da eta zazpi atal ditu: teoria, errezetak, flair edo malabareak, ardo zerbitzatzea, abiadura (Speed-Round), zehaztasuna botilatik zerbitzatzerakoan (Free-Pour) eta ronda librea (Free-Style Round).

Bi egunetan banatzen dira probak eta atal bakoitzean puntuak irabazten dituzu. Hala ere, Free-Style proba eta abiadurarena dira garrantzitsuenak, 800 puntu guztira. Barran lan egiten zaudela irudikatzen duzu bietan. Lehenengoan zortzi minutu dituzu eta lau epaile daude bezeroen papera egiten. Bigarrenean jatetxerako eskariak ahalik eta azkarren burutzea da xedea.

 

"Free-Style proba eta abiadurarena dira garrantzitsuenak, 800 puntu guztira. Barran lan egiten zaudela irudikatzen duzu bietan"



Zer moduz joan zen norgehiagoka?
Lehenengo eguna oso lasaia izan zen. Ez zen mota horietako frogak egiten nituen lehenengo aldia, oso kontzentratuta nengoen beraz. Lehenengo egunean lehen postua lortu nuen jada. Hala ere, bigarren eta hirugarren parte hartzaileak oso gertu zeuden puntutan. Bigarren egunean ebazten da beti nor izango den irabazlea, Free-Style rounda burutzerakoan.

Urteak daramatzazu tabernetan lan egiten, baina nola egin duzu salto zerbitzari soila izatetik mota horretako txapelketetan aritzera?
Inoiz ez nuen pentsatu honetan aritzea, benetan diot. Baina dena aldatu zen unibertsitateko ikasketak bukatzerakoan: ez neukan interesik horretan aritzeko eta dantzan zentratu nintzen berriz ere. Londresera joan eta han, ohiko pub ingeles batean lanean nengoela, konturatu nintzen oso pozik eta gustura nengoela barraren atzean.

Horren ostean, etxera bueltatu eta ardura gehiago hartu nuen amaren tabernan. Hainbat ikastarotara joan nintzen eta 2016. urtean Eskandinaviara joatea erabaki nuen, hilabeteko Bartender Ikastaroa egiteko European Bartendez Schoolen. Beraz, saltoa progresiboa izan da. Ahalik eta jende gehien ezagutzen saiatu naiz atzerrian egonda, eta eurek hitz egin didate lehiaketen eta ikastaroen inguruan. Oslo ez da oso handia, Bilboren tamainakoa da. Gauzak hala, behin "giro" horretan sartzean, pertsona batek beste bat aurkezten dizu, eta asko ikasten da horrela.       

 

"Londresera joan eta han, ohiko pub ingeles batean lanean nengoela, konturatu nintzen oso pozik eta gustura nengoela barraren atzean"



Zer da horrelako txapelketetan baloratzen dena?
Dena. Amerikar bar edo amerikar bartender baten jarrera, osorik. Estatu Batuetan ez da nahikoa koktelak prestatzearekin, "showmana” ere izan behar zara. Bertako bezeroak tabernara hurbiltzerakoan orduz asko egongo dira barran eserita. Han edan, jan eta parranda egingo dute; txupitoak edan ere bai. Bartenderra giroa pizten duena da. Haiekin hitz egin, istorioak kontatu, bata bestearekin harremanetan jarri...

Txapelketan, beraz, teoria azterketa duzu (80 koktel inguru jakin behar dituzu buruz), baina zure abiadura ere aztertuko dute, barran nola moldatzen zaren, koktelak prestatzerakoan hitz egiten jarraitzen duzun, hainbat eskaera aldi berean kontrolatzeko ahalmena daukazun... dena.

 

"Estatu Batuetan ez da nahikoa koktelak prestatzearekin, 'showmana' ere izan behar zara"



Nola entrenatzen duzu horrelako lehiaketa batean aritzeko?
Egunero egoten nintzen koktel errezetak irakurtzen eta idazten. Multzoka ikasten nituen, 5 edo 6 egun bakoitzean, eta gero denak batera. Gero, ahalik eta botila huts gehien batu nituen, eta goizetan tabernara joaten nintzen (itxita zegoelako) eta abiadura hartzeko praktikatzen nuen, botila horiek urez beteta. Abiadura frogan 5 koktel prestatu behar dituzu 4,30 minututan gehienez; puntuak galtzen dituzu bestela. Errezeta ezin-hobeto egon behar da gainera, ezin duzu osagai bat bera ere ez ahaztu.

Bukatzeko, lan egiten nuen bitartean, flair mugimenduak praktikatzen nituen, behin eta berriz. 2 hilabete egon nahiz horrela, gutxi gora-behera.

Zein da, zure ustez, koktel on bat egiteko sekretua?
Bezeroen buruan betirako irautea da sekretua, nire ustez. Koktel bat, daiquiria adibidez, ez da inoiz berdina izango. Fruituek (lima kasu horretan) azukre gehiago edo gutxiago izan dezakete egunaren arabera, horregatik da bartenderra hain garrantzitsua. Koktel guztien tantatxo batzuk probatzen ditu ziurtatzeko osagaiek oreka mantentzen dutela.

Baina pertsona bakoitzak gustu ezberdina dauka, baita bartenderrak ere. Nik energia esperientzian jartzen dut, beraz: “zer nahi duzu edan gaur, zer nolako animoa duzu, zure urtebetetzea da?”.

 

"Bezeroen buruan betirako irautea da sekretua, nire ustez"



Bezeroak luzaroko gogoratu duen koktela prestatzea da asmoa: taberna txiki horretan, munduaren beste puntan orain dela 2 urte edan zenuen hori, kanpoan euria zela...

Dantzaria ere bazara. Lagungarria egin zaizu hori mota horretako norgehiagoketan?
Dantzak azkenengo free-style roundean lagundu ninduen batez ere. Estres gutxien zeukan bartenderra izateagatik irabazi nuen; epaile guztiek onartu zuten hori. Azkena izan nintzen. Ez nituen nire kideak ikusi, baina guztiek egin zuten hanka sartzea zertan. Ni zortzi minutuz egon nintzen hitz egiten, koktelak prestatzen nituen bitartean. Epaileei galderak egiten nizkien, bezeroak izango balira bezala. Oso urduri nengoen barrara atera baino lehen. Baina behin horra iritsita, eszenatokian dantzan zaudenean bezalakoa da: zure lana egin, disfrutatu eta etxera.

Koktelak egin edo edatea, zer duzu nahiago?
Ez dut inoiz asko edan. Ez nuen alkoholik edaten 21 urte edo izan arte. Horregatik uste dut gustatzen zaidala horrenbeste koktelak prestatzea. Zaporeekin ari zara jolasean, ez bakarrik alkoholarekin. Sukaldatzearen antzekoa da.

 

"Baina behin horra iritsita, eszenatokian dantzan zaudenean bezalakoa da: zure lana egin, disfrutatu eta etxera"



Europako Txapelketara zoaz orain. Zein da zure asmoa bertan?
Irabaztea noski! Atenaseko norgehiagoka hau finalaurrekoa baino ez da, Estatu Batuetan da azken txanpa. Harro nago hona heldu naizelako, baina orain bukaeraraino parte hartzea gustatuko litzaidake.

Ez da parte hartzen dudan lehenengo lehiaketa eta oraintxe bertan beste batean ari nahiz baita Basmoon euskal vodkarekin hain zuzen ere. Hemen uzten dut errezeta, norbaitek etxean frogatu nahi badu:

ILUNTZEAN

*Coupette kopa (edo martini/koktel kopa)

*5 zentilitro Basmoon Vodka

*1 zentilitro Italicus Rosolio

*3 zentilitro limoi zuku

*Azukre siropezko 1 zentilitro

*1,5 zentilitro arrautza zuringo

Kokteleran osagaia guztiak eragin (astindu), lehengo izotzik gabe eta gero berriz ere izotzarekin. Kopan zerbitzatu (aurrez aldetik hotz bazegoen hobe, hozkailuan adibidez).

Ilargi betearen efektua lortzeko (koparen ahoa borobila baita), gozogintzan erabiltzen duten "zilar hautsa" erabili daiteke. Gainetik hautseztatu baino ez da egin behar!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide