Azaroan zehar egingo dute Arabako Etxerateko kideek bira. Eskualdean ere izango du isla ekimenak, aurreratu dutenez, Laudion hainbat jarduera egingo baitituzte. Etxeraten arabera, 28 urte igaro dira dispertsio politika martxan jarri zenetik, "eta 6 urte ETAk borroka armatuaren amaiera iragarri zuenetik, baina euskal preso politikoen senide eta lagunontzat ez da ezer aldatu; dispertsio politikak mina eta sufrimendua eragiten jarraitzen du". Etxeraten esanetan, jendartearen multzo handi batek ez du oraindik errealitate "gordin" honen ezagutzarik. Horregatik antolatu dute bira; dispertsioaren ondorioak ezagutzera emateko.
Karpa
Gasteizen abiatuko dute ekimena. Azaldu dutenez, testigantzak, erakusketak, mahainguruak... egongo dira. Jon Ligüerzana Arabako koordinatzailearen hitzetan, urriaren 23tik 28ra egongo da "Dispertsioa argira ekarriz" gunea Laudion. Ekimenaren nondik norakoak azaldu ditu: "Erakusketa bat da. Bertan panelen bitartez dispertsioaren ondorioak jasoko dira. Eta pantaila batean uneoro testigantzak botatzen egongo gara. Guztira 15 testigantzako bideoa".
Dispertsioaren aferari heltzeko makina bat jarduera antolatu dira eskualde osoan. 2011n, esaterako, Laudioko senideek ikus-entzunezko batean bildu zituzten espetxe politikaren bizipenak, euskal preso politikoen aldeko brindisean: