Nondik sortu zen horrelako topaketa batzuk eskualdean antolatzeko ideia?
Duela 16 urte Orratz elkartea sortu genuen Arabako hainbat lagunen artean, ekintza ugari antolatu dugu orduz geroztik. Duela urtebete inguru Arabako gainerako eskualdeetan delegazioak sortzeko ideia izan genuen.
Aiaraldean, otsailean erregistratu ginen elkarte gisa. Hau litzake, Dolumin Barikuko eta Parke Egunean jarritako erakusketa mahaiaz aparte, eskualdean gauzatzen dugun lehenengo ekintza.
Zein helbururekin antolatzen dituzue pinen elkartrukeak?
Bildumazaletasunaren espiritua bizirik mantendu nahi dugu. Eskualdeko zaleak batu eta elkar ezagutzeko espazioa izan nahi dute elkartrukerako zita hauek.
Nork daki! Agian aspaldi bere bilduma txikia osatzeari utzi zion norbaiti berriz piztuko diogu zaletasuna!
Ostiralero batzeko asmoa daukazue?
Bai, asmoa, astean behin ordu batez bada ere, elkarrekin egon eta norberaren bildumak osatzen joatea da. Udalari lokala eskatu diogu bildumak gorde eta elkartzeko lekua izateko, lokal hori eman bitartean herriko tabernaren batean elkartuko gara.
Eskualdeko taldean bagabiltza lau lagun dagoeneko, eta ostiralean dozena bat biltzea aurreikusi dugu. Hortik aurrera norberaren erritmoaren arabera batuko gara, ostiral batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago. Dedikazio eta lan indibidual asko eskatzen du pinak biltzeak.
Zenbat pin eduki ditzake zale batek?
Asko eta denetarikoak! Nik mota guztietako pinak biltzen ditut, badira gai jakin baten inguruko pinak soilik biltzen dituztenak.
Nire bilduma pertsonalean orotara 21.000 pin ditut! Gero pin horiek guztiak gai ezberdinen arabera sailkatzen ditut, adibidez, Athletic Cluben peñen mundu mailako 1.200 pin bildu ditut, ez dira gutxi! Altxor txikiak dira!
Zer nolako jarduna dauka Orratz elkarteak?
Orratz elkarteak pin bildumazaleen topagunea da, bertan elkarri bildumak osatzen lagundu eta gure arteko elkargunea da nagusiki.
Bestalde, pinak katalogatu eta aholkularitza lana egiten dugu gugana gerturatzen den edonorentzat, dela pin baten historia argitzen edo dela pinaren prezioa ipintzen.
Horretaz gain, pinak ekoizten ditugu, esaterako, Gasteizko buruhandien urteurrena aitzakitzat hartuta Arabako herri guztietako buruhandien pin sorta kaleratuko dugu.
Estatuko topaketa batzuk ere antolatzen ditugu Gasteizen eta leku guztietako zaleak batzen gara bertan: Andaluzia, Katalunia, Madril... Datorren urtekoa 12. edizioa izango da.
Osasuntsu al dago pin zaletasuna?
Ez dago bere garairik onenean, egia izan. Interes berriak sortu dira eta beste bilduma batzuek hartu diote lekua pin zaletasunari.
Geroz eta pin gutxiago ekoizten dira. 90ko hamarkadan elkarte ezberdinek hamaika pin ekoizten zituzten, kanpaina eta ekimen orok zeukan pin bereizgarri bat: Araba Euskarazek edota nuklearren aurkako mugimenduak esaterako. Hala ere, oraindik aurkitzen dira bitxikeriak!